Altzako Tomasene kultur etxeak Indiako pobrezia eta egoera sozio-ekonomikoaren inguruko bi jardunaldi ospatuko ditu aste honetan. Bertan, hitzaldi bat eta dokumental baten proiekzioa eskainiko dira jendeak herrialde asiarrean bizi duten egoera gertutik ezagutu dezan.
Gaurkoan, India: pobreziaren kontra, garapen iraunkorra izeneko hitzaldia eskainiko dute, 19:00etatik aurrera, Xabier Orueta EAE eta Kantabriako Vicente Ferrer Fundazioaren arduradunaren eskutik. Indiako Andhra Pradesh eta Telangana eskualde behartsuez mintzatuko da Orueta, bertakoek jasaten duten gizarte-bazterkeria helarazteko.
Bihar, berriz, Rahul Jain zuzendari indiarraren Machines (2016) dokumentala proiektatuko da Kultur Etxean, ordu berean. Iazko urtean Sundance jaialdiko epaimahaiaren saria jaso zuen film hau Indiako ipar-mendebaldeko Surat hiri industrialean kokatzen da, eta gaur egungo ekoizpen dinamikak egokienak ote diren birplanteatzera gonbidatzen gaitu, bertako langileek jasaten dituzten lan baldintza jasangaitzak salatuz.
Bi ekitaldietarako sarrera doakoa izango da.