EH Bilduk Enrique Ramos Hirigintza zinegotziaren agerraldia eskatu du eragindako kalteen berri emateko
San Bartolome berria 2020 urterako prest egotea espero dute. (Argazkia: San Bartolome Muinoa)
Enrique Ramos Hirigintza zinegotziak
San Bartolomeko hotela eraikitzeko lanak eten ditu. Jakitera eman duenez, Catalonia eraikitze enpresak ez du errespetatu eskainitako lizentzia. Izan ere, lizentzian ageri da komentu zaharra errespetatu behar dela, baita ere bere inguruan ageri den gurutze formako murala. Biak babesten ditu Hiri Ondarearen Babeserako Plan Bereziak.
Ramosek azaldu du
eraikitze enpresak aurkeztutako txostenean ez zela ageri eraisketaren berri eta, beraz, eraisketa “ezkutukoa eta indarrean dagoen araudiaren aurkakoa” izan dela.
Hori dela eta,
udalak hainbat neurri hartu ditu: kautelazko neurri moduan, lanak gelditu dituzte; hilabeteko epean arduradunek eraisketa egiteko beharrezko lizentzia eskatu beharko dute eta hasieran emandako lizentziara egokitu, horrela ez bada edo lizentzia araudiarekin bat ez badator eraikitze lanak geldituko dira; azkenik, azaldu dute lanak geldiarazteko aginduari muzin eginez gero, isunak jarriko dituztela.
Ramosen agerraldi eskaera
San Bartolomen egiten ari diren hotelarekin gertatu dena argitzeko, EH Bilduk Ramosen agerraldia eskatu du. “Ancora elkarteak adierazi digunez, bertan dagoen komentuko eliza babestuta dago, hiriko ondare gisa; halere, hotela eraikitzen ari den enpresa eliza eraisten hasi da”, adierazi du ohar bidez EH Bilduk. Hotelaren eraikuntza eten arren, herritarrek sorturiko kalteak zeintzuk diren jakin behar dutela gaineratu du udal taldeak.