Antiguako kuadrillen bazkaria iaz, Ibaetako frontoian. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Antiguan festa giroa izango da nagusi hilaren bukaera arte, aurten hiru asteburu hartuko baititu sansebastianetako egitarauak. Gaur jaurtiko dute txupinazoa, Gaskonia plazan.
Aurreko urteetan baino egun gehiago izango dira Antiguako San Sebastian jaiez gozatzeko. Izan ere,
San Sebastian eguna asteburuan izanik, aurten hiru asteburuz ospatuko dituzte. Atzo hasi ziren giroa berotzen eta urtarrilaren 27a arte ez dute atsedenik hartzeko tarterik izango.
Gaur piztuko dute jaietako txupina, 19:00etan, Gaskonia plazan. Ondoren, Iraunkorrak txarangarekin batera poteo elegantea egingo dute. 2003. urtean hasi ziren denak dotore janzten. Jaietako lehen ostiralak ez zuen indar handirik, eta bultzada emateko zerbait asmatu behar zutela pentsatu zuten: «Arrasateko Maritxu Kajoi izan zen gure inspirazioa. Lehen urtean jai batzordekoak bakarrik jaitsi ziren, hurrengoan inguruko lagunak, eta poliki-poliki indarra hartu du, eta gaur egun jende gehien biltzen duen ekitaldia da», azaldu du Jon Agirre jai batzordeko kideak.
Ibilaldiaren ondoren, The Upper Room taldeak kontzertua emango du Lugaritz kultur etxean, 19:30ean, eta frontoian Auzo Rock jaialdia egingo dute, 22:30ean. Los Perros de Paulov eta DJ Hoolitas igoko dira taula gainera.
Larunbatean, Antiguako talde feministak antolatuta,
Autobiographikal antzezlana egingo dute Txantxarrekan, 19:00etan. Gauean, zuzeneko musikaz gozatzeko eta parranda egiteko aukera izango da frontoian, Antigua Rock 2018 jaialdian. Pelax, Rukula eta Selektah Stepi izango dira gaua girotzen, 22:30ean.
Igande arratsaldean Mikel Laboa VII. Bertso Sariketa egingo dute Dokan, 17:30ean. Bertsolari gazteentzako emanaldia da, eta Antiguako jai batzordeak eta Dokak antolatzen dute elkarlanean.
Buruhandiak, ttuntturroak, ipuin kontalariak, txotxongiloak, dantzariak, Bizi DJ-a, elektrotxaranga, Taberna Ibiltariko lagunak, mus txapelketa, kontzertuak, bazkaria, danborrada… Ohiko jarduerak egingo dituzte jaien egitarauan, baina berritasun batzuk izango dira: Emakumezkoen lehen pala txapelketa, besteak beste:?«Iazko jaietan neska talde bat gerturatu zen gugana proposamena egiteko. Jaiak prestatzeko lehen bileretan aztertu genuen eta azkenean lortu dugu. Ezin gara kexatu, 13 bikotek eman dute izena txapelketan», kontatu du Agirrek. Urtarrilaren 25ean jokatuko da finala.
Sorpresa ere bai kuadrillen bazkarian, aurten beste toki batean egingo dute eta: Pio Baroja kiroldegian. Urtarrilaren 27an elkartuko dira han, goxo-goxo bazkaltzeko. Izan ere jaiak urtarrilean direnez, hotz handia pasatzen dute:?«Azken urteetan Ibaetako frontoian egin dugu eta aurten, jende gehiagoren laguntzarekin, Fortunarekin hitz egin dugu akordio batera iristeko». Poteo elegantearekin batera, ekitaldi arrakastatsuenetakoa dela dio:?«Inoiz baino jende gehiagok eman nahi izan du izena, eta itxaron zerrenda egin behar izan dugu». Nabarmendu du adin guztietako jendea biltzen dela bazkarian.
Euria oztopo ez izateko, Gaskonia plazan karpa handi bat jarriko dute asteburuan. Karparen barruan babestuta egingo dute haurrentzako merendola, antzerkia, zumba, haurrentzako jolasak, luntx herrikoia eta beste hainbat jarduera.
Hurrengo asteburuan, donostiar guztiekin batera murgilduko dira jaietan, 24 orduko festan. Auzoko danborrada guztiak aterako dira kalera. Danborrada herrikoia izango da horietako bat. Goizeko hirurak aldera abiatzen da Matia kaleko elizatik eta adin guztietako bizilagunak biltzen dira bertan:?«Garai batean ohikoa omen zen danbor gisa maionesa poteak erabiltzea. Orain ez dira horrenbeste ikusten», esan du Agirrek.
Auzoko festazaleentzat une oso hunkigarria dela aitortu du:?«Danborradako abestiak jo eta abesteaz gain, abesti aldarrikatzaileak ere ez dira falta, eta nola ez, txarangako abesti ezagunak ere dantzatzen ditugu. Goizeko seiak arte Matia kalean atzera eta aurrera ibiltzen gara pozik».
Berritasun asko dakartza aurtengo egitarauak. Tamalez ezin izan dute hondartzako zaldi lasterketa berreskuratu. 2019rako erronka da proba hau berriz egitea. Iaz ezin izan zuten egin, eta aurten ere baimenak lortzeko prozesuan trabatuta daudela azaldu dute.