Maialen Lujanbio, Bertsolari Txapelketa Nagusian. (Argazkia: bertsozale.eus)
Maialen Lujanbiok Anoetako berdegunera jauzi egingo du igandean, oholtza alde batera utzita. Izan ere, ohorezko sakea egingo du Reala eta Bartzelonaren arteko partida hasi aurretik, 20:45ean. Bertsolari Txapelketa Nagusiko txapelduna izan da Hernaniko bertsolaria, 2017ko abenduan, eta lorpenagatik omenaldia egin nahi diote txuri-urdinek. Lujanbiorekin batera egongo dira palkoan txapelketako gainontzeko finalistak: Aitor Mendiluze, Sustrai Colina, Amets Arzallus, Igor Elortza, Aitor Sarriegi, Beñat Gaztelumendi eta Unai Agirre. “Realak bertsolaritzari eta euskal kulturgintzari keinu bat egin nahi izan die, bere konpromisoa kirol arloaz harago baitoa”, dio klubak.
Hamabost urterekin ekin zion plazaz plazako ibilbideari Maialen Lujanbio Zugastik (Hernani, 1976). Arte Ederretako ikasketak egin zituen, baina hitza eta euskara ditu egungo tresna nagusiak. 2009ko txapelketan jantzi zuen lehenengo aldiz txapela Lujanbiok, buruz burukoa Amets Arzallusekin jokatu ostean. Horrela, txapela jantzi duen lehen emakumea izan da. Bigarren aldiz irabazi du txapelketa 2017an, buruz burukora Aitor Mendiluzerekin iritsita.