Aiete eta Morlans lotuko dituen igogailuaren maketa. (Argazkia: Donostiako Udala)
Atzerapena eta gainkostua izango du Morlans ibilbidearen eta Izoztegi pasealekuaren inguruetako igogailuak. Proiektuan aldaketak egitea onartu du Donostiako Udaleko Tokiko Gobernu Batzordeak. Esleitze prezioa 131.401,13 eurotan handituko da.Guztira, 1,4 milioi eurokoa da aurrekontua. Gauzatzeko epea 8 hilabetetan luzatzea adostu du udalak. Ondorioz, igogailua abuzturako abian jartzea espero du Eneko Goia alkateak.
Kostua igotzearen arrazoien artean bi aipatu dituzte. Alde batetik, Morlansko bidegorriaren tunel hasierako igogailuan ikerketa geoteknikoen zehaztasun falta; lur eremuaren egonkortasunaren eta erresistentziaren inguruko datuak ez ziren zehatzak eta orain hauek indartzeko neurriak hartu behar izan dituzte. Bestalde, Pio Baroja eta Aiete pasealekuak lotuko dituen igogailuaren kasuan, lurrari eusteko hasieran espero baino baliabide gehiago beharko dituzte.
Hala ere, azaldu dute bi igogailuen lanen atzerapenak ez diola eragingo bidegorriko tunelaren lanei. Izan ere, 28 metroko harresi bat eraiki dute mendi hegaleko materialik bidegorrira erori ez dadin. Tunela hilabete honetan irekitzea aurreikusten du udalak.
Igogailu hauek, 3.700 donostiarrei eskainiko diete zerbitzua.