Opus Liricak Pucciniren 'La Bohéme' opera estreinatuko du Kursaalean
Taldeak antotaluriko bigarren opera denboraldiari emango dio hasiera emanaldiak
Opus Liricak opera denboraldi berri bat estreinatuko du hirian Giaccomo Pucciniren La Bohéme drama ezagunarekin. Pablo Ramosen zuzendaritzapean eta bertako zein nazioarteko abeslari talde baten eskutik eskainiko da emanaldia, martxoaren 2an, 20:00etan eta 4an, 19:00etan, Kursaal Auditorioan. Ainhoa Garmendia soprano gipuzkoarrak beteko du Mimi protagonista nagusiaren rola 20ko hamarkadan girotzen den opera honetan. Harekin izango da Francisco Corujo tenore kanariarra ere, Rodolforen rolean. “Puccinik, bere ibilbideko une gorenean, bizitzari, adiskidetzari eta maitasunari eskainitako kantua da”, Opus Liricak azaldu duenez. “Joie de vivre eta tuberkulosiaren drama artean”, XX. mende hasierako Parisen kokatzen da musikagile italiarraren obra hau. Adaptazio berri honetarako, Nafarroako Ganbera Operarekin egingo du lan lehen aldiz Opus Lirica taldeak. Talde nafarra aretoa prestatzeaz eta eszenografiaren muntaketaz arduratuko da.