Euskara eta parekidetasuna nabarmendu ditu Maialen Lujanbiok Anoetan
Realaren eta Bartzelonaren arteko partidaren ohorezko sakea egin zuen atzo Maialen Lujanbio Bertsolari Txapelketa Nagusiko txapeldunak, gainerako bertsolari finalistak ondoan zituela.
Anoeta futbol zelaia baliatu zuen Lujanbiok euskara kirolean ere erabiltzearen aldeko mezua, parekidetasuna eta beste hainbat balio aipatzeko.
Realeko jokalariez eta zaleez gain, adi entzun zuten Lujanbioren bertsoa Bartzelonako jokalariek ere, eta Lionel Messi taldeko kapitaina txapelduna agurtzera hurbildu zen.
Lujanbioren bertsoa:
Baloiaren (e)ta hitzaren gintzak
nahiz (e)ta ez diren berberak,
lehiaren gaindi sustatuz gero
balioak ta manerak,
bultzatuz gero neska-mutilen
kirolerako aukerak,
futbol izar (e)ta zaleen ahotan
lekurik badu euskarak
zuen zangoek (e)ta gure oinek
hortxe egingo dute bat.