Satorralaiak elkarretaratzea egingo du Tabakaleran
Topoaren igarobidearen aurka sortu zuten Satorralaia elkartea, eta oraindik proiektua gelditzeko lanean jarraitzen du: “Donostiako Metroaren pasabide zentzugabeak inposaketaren bidetik aurrera segitzen duela salatzen dugu”. Horrela, datozen egunetan egingo dituzte hainbat jardueren berri eman dute. Batetik, batzarra egingo dute Amarako eskoletan (sarrera Larramendi kaletik), gaur, astelehena, 19:00etan. Bestetik, elkarretaratzea egingo du asteartean, 17:30ean, Tabakaleran. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak bilera informatiboa prestatu du bertan, topoaren igarobidearen obrek eragingo dieten bizilagunekin: “Obrak aste gutxira hastekotan direnean, etxebizitza kaltetuetako bizilagunei bilera informatibo batera deitzea da egin dezakeen guztia?”.
Bi hitzordu horietaz gain, Erdialdean eta Amaran kontra-informazio kanpaina egingo dute, proiektuak kalteturiko kaleetako bizilagunei zuzendua, baita beste batzar bat ere. “Eusko Jaurlaritzak metroaren Mirakontxa-Easo tartea eraikitzeko berriki esleitu ditu obrak. Ohiz kanpoko batzar bat egingo dugu otsailaren 8an, 19:00etan, Karmeliten parrokiako zine aretoan (Easo eta Pedro Egaña kaleen izkinean, EuskoTrenen geltokiaren parean)”.
Gaiaren informazio gehiago nahi duenak jo dezake satorralaiaren webgunera.