Bidebietako Institutuak datorren urtean ere irekita jarraituko duela diote
Bidebietako Institutuan datorren ikasturterako matrikulazio kanpaina abiatu dutela jakinarazi du Marea Horiak taldeak. Pozik hartu dute berria, baina uste dute ez dela nahikoa.
Eusko Jaurlaritzak auzoko institutu publikoa ixteko mehatxua egin du, “zentroaren bideragarritasunik eza” argudiatuta eta auzotarren, zuzendaritzaren eta institutuko klaustro eta irakasleengan jarri zuen ardura abenduan egindako adierazpenetan: zentroaren inplikazioan, hezkuntza komunitatean eta matrikulazio kopuruan. Hezkuntza sailburuaren adierazpenek haserrea sortu dute Bidebietan, izan ere, uste dute erantzukizuna “agintarien gain” dagoela.
“Matrikulen epea zabaldu dute baina aurretik kanpaina ikaragarria egin zuten esaten institutuak ez zuela etorkizunik eta itxi egingo zutela”, azaldu du Josu Lonbide Marea Horia taldeko kideak. Uste du orain aurkako kanpainarik egin gabe eta gauzak aldatu gabe institutuko matrikulazioa zabaltzeak ez duela ezer konponduko. Horregatik, argi dute beraien jarrera Marea Horia taldeko kideek: “Gure hautua ez da auzotarrei haurrak Bidebietako Institutuan matrikulatzera bultzatzea, ezinbestean, itxi ez dezaten. Auzoak kalitatezko hezkuntza publiko bat eskaintzen duen zentro bat eduki nahi dugu, eta horretarako, baliabideak behar dira”. Uste dute ez dela “marketing” kontua bakarrik: “Auzoak denbora eta baliabideak behar ditu”.
Hori dela eta, hainbat mobilizazio dei egin dituzte urtarrilaren 26an eta 27an; 26an kalejira egingo dute bi eraikinen artean eta urtarrilaren 27an kazerolada.
Gaiaren inguruko erreportajea argitaratuko dugu ostiraleko IRUTXULOKO HITZAn.