Kale Nagusian hotel bat egiteko lizentziari helegitea jarriko dio EH Bilduk
Donostiako Udalak Kale Nagusian hotel bat egiteko lizentzia eman zuen iragan abenduaren 27an. Enrique Ramos Hirigintzako zinegotziak sinatu zuen. Kale Nagusiaren 18. zenbakian dagoen eraikina hartuko du hotelak, 4 izarrekoa izango da eta 29 gela izango ditu. EH Bilduren udal taldeak, ordea, helegitea jarriko dio lizentziari irregulartasunak dituela argudiatuta.
Ricardo Burutaran EH Bilduko zinegotziak prentsaurreko bidez azaldu ditu gaur, helegitea jartzeko arrazoiak. “Lehenik eta behin, eraikin oso baten erreforma integrala dela begi bistakoa den arren, udalak emandako lizentzia erreforma arrunta egiteko da. Horrela, promotoreak Parte Zaharreko Birgaitze Plana ez du bete behar izango. Erreforma integrala izango balitz Birgaitze plana bete beharko luke, eta ondorioz, besteak beste, eraikinaren solairuak mugatu beharko lituzke, seitik laura. Hau da, hotelak bi solairu gutxiago izango lituzke, gela gutxiago eta, beraz, jabearentzat mozkin gutxiago”.
Horrekin batera, Burutaranez ustez lizentzia emateko formula ez da egokia izan: “Zinegotzi delegatuaren sinaduraren bidez eman da, Tokiko Gobernutik pasatu gabe. Honek esan nahi du operazioa gardentasunik gabe egin dela, formula honek Udal Idazkaritzaren oniritzirik ez duelako behar eta, gainera, herritarrek informazioa eskuratzeko zailtasun gehiago izango dituztelako”.
Hotel gehiago
Hiri-Antolamendurako Plan Orokorraren (HAPO) aldaketaren atzerapenak hotel gehiago ezartzea ahalbidetuko duela azpimarratu du Burutaranek: “Parte Zaharrean hirugarren sektoreko jarduerei (pentsioak, tabernak, hotelak…) %30 muga ezartzea omen zen udal gobernuaren asmoa (gaur egun %40an dago). Hauek horrela, HAPOren aldaketaren ondorioz, ezinezkoa izango litzateke eraikin oso baten erabilera aldatzea hotel bat jartzeko helburuarekin, Kale Nagusian egin duten moduan”.
Auzotarrak albistearen harrituta daudela adierazi du Burutaranek. “Hotelaren berri izatean harrituta geratu ziren, Parte Zaharra saturatua dagoela eta, udal gobernuak neurriak hartuko zituela esan zuelako behin eta berriz”.