San Bartolomeko elizaren ezbeharra saihestu zitekeela uste du Irabazik
Pasa den astean San Bartolomeko hotela eraikitzeko lanak eten zituen udalak, Cataloniako enpresak babesturiko elizaren zati bat eraitsi zuelako. Horren aurrean, udal taldeek azalpenak eskatu zizkioten Enrique Ramos Hirigintza zinegotziari. Gaur bildu dira udal ordezkariak Ramosekin, eta Loic Alejandro Irabazi Donostiako zinegotziak esan duenez, ezbeharra saihestu zitekeen.
“Bi ekintzek eragindako ondorioa da gertatu dena. Lehenik, eraikitze enpresak baimenik gabe eta lizentzia bete gabe eraitsi zuen elizaren zati bat. Bigarrenik, gertaturikoa udal gobernuaren ardura da. Ez zuten exekuzio proiektua egiaztatu eta gainbegiratu. Proiektu horren irakurketa sinplearekin konturatuko ziren enpresaren asmoa eliza eraistea eta berreraikitzea zela”, azaldu du Alejandrok.
Horrelako lanetan kontrolak falta direla esan du Irabaziko zinegotziak. “Enpresak inolako lizentzia baimenik gabe eraitsi du elizaren zatia, eta orain ez dago atzera bueltarik”.