Ancorak ‘Galdu genuen hiria’ erakusketa antolatu du, Donostian eraitsitako eraikin historikoak gogora ekartzeko asmoz. Asteburuetan nahiz astean zehar egiten dituzten ibilaldi gidatuetan bisitatu daiteke.
Bisitariek atentzio osoz entzuten dituzte gidariaren azalpen guztiak. (Argazkia: Iñaki Agirre)
Jendetza pilatu da Parte Zaharreko Santa Teresa komentuaren sarreran, ateak noiz irekiko zain. Kaleko hotzetik babesteaz gain, ikustear dauden erakusketak ibilbide berezi bat gordetzen diela ongi dakite bertara hurbildu direnek. Beste garai bateko Donostiara eramango dituen ibilbidea, hain zuzen. Eta gogotsu ageri dira horregatik.
Barnealdean, 1873an eraikitako Villa Gloria jauregia topatuko dute, besteak beste, bere estilo arabiarrarengatik Groseko Taj Mahal izenaz ezagutzen zena. Baita Erdialdeko San Martin azoka zaharra ere, mende oso batez irekia egon ondoren, 2003an eraitsi zutena, alegia. Eta Antiguako? Leon garagardo lantegia, Miramarreko zalditegi erreala, Balentziaga diseinatzailearen Igeldoko Gurutzealde baserria…
1950eko hamarkadatik aurrera hiriak jasan duen higiezinen presioaren ondorioz, garrantzi handiko hainbat eta hainbat eraikin historiko izan dira eraitsiak Donostian azken urteotan. Galdutako arkitektura ondare hura gogora ekartzeko asmoz,
Galdu genuen hiria. Hiri ondarearen kudeaketa Donostian, 1950-2017 izeneko erakusketa antolatu du Ancora elkarteak, Tabakalera gunearen laguntzarekin eta
Mugak, Euskadiko I. Nazioarteko Arkitektura Bienalaren barruan.
Berrehun eraikinez osaturiko bilduman oinarritzen da erakusketa, eta eraikin bakoitza plano, argazki eta azalpen arkitektoniko eta historiko batekin batera aurkezten da. Horien artean, era guztietako eraikuntzak topatu ditzakete bisitariek: baserri zaharrak, jauregi ederrak, lantegi historikoak…
Gure bisitan, 50 pertsonatik gorako taldea bildu da komentuko atarian. Asteazken eta ostegunero, bisita gidatuak antolatzen ditu 19:00etan Ancora taldeak eta, arratsalde euritsu honetan, jendetza gerturatu zaie bertara.
Gehien bat pertsona helduez osaturik badago ere, zenbait aurpegi gazte ageri dira ere jendartean. Pertsona asko garenez, bi taldetan banatu gaituzte eta bisitari ekin diogu, bakoitzak alde desberdin batetik. Groseko auzotik hasiko da denboran atzerako gure bidai hau.
Sartu bezain pronto, zirrara nabaria egiten da aspaldiko Donostia hura ezagutu zutenen artean, paretetan ageri diren eraikin horiek segituan ezagutu baitituzte. Hor ikus daitezke, besteak beste, Kursaal kasinoa, Txofreko zezen plaza, egungo San Inazio ikastetxearen lekuan zegoen Villa Argentina… Atzoko hiri hura gogora dakar erakusketaren gidariak eta arreta osoz jarraitzen dituzte ikusleek bere azalpenak.
Eraikin bakoitzaren azpian, ordea, bere eraisketaren irudi bat ere agertzen dela jabetzen dira orduan bisitariak. «Ze pena!», «negar egiteko modukoa da», eta bestelako esaldiak entzungo dira hortik aurrera jendartean, ibilaldi osoan zehar. Erakusketa honetan nostalgia eta haserrea protagonista direnik azaldu beharrik ez.
Auzoari izena ematen dion Tomas?Grosen etxean eteten da bat-batean bisitaren gidaria. Berak azaltzen digunez, Mirakruz kaleko eraikinaren eraisketaren kontra sortu zen mobilizazioa mota honetako hiriko lehen protesta mugimendua izan zen.
Ondarearekiko hiritarren konpromiso hori nabarmentzeko, azken urte hauetan eraisketen kontra eman diren mobilizazioak jasotzen dituen horma irudi bat ere ageri da erakusketan.
Auzoz auzoko ibilbidea
Groseko auzotik irtenda, askoren gogoan dirauten Ategorrietako kotxerak topatzen ditugu, parez pare. 1887tik 2003ra bitarte mantendu zen Ramon Cortazar arkitektoak eraikitako nabe multzo hau. Luis Elizalde, Jose de Goicoa, Juan Rafael Alday eta beste hainbeste arkitekto ospetsuen inguruko erakusketa izan zitekeen honakoa ere, noski, eraikin ederrez beteriko Donostia horren sortzaileak oso presente baitaude hiriko ibilbide arkitektoniko honetan.
Garai oso desberdinetako eraikuntzak topatzen ditugu ere ibilaldi honetan. Egia eta Aieteko auzoak igarotzean, gaur egun zutik ez dauden bi dorre gurutzatu ditugu:? 1961ean eraikitako Deustuko Unibertsitatearen campusekoa, batetik, eta Erdi Aroko Rozanes dorrea, bestetik. Azken hau, Europako kasino handiena izateko asmoz ireki zuten. Egun, 80 apartamenduko bloke bat dago bere lekuan, Baenako Dukearen pasealekuan.
Izkina ederren hiria
Eraikinen izkinek garrantzi arkitektoniko berezia dutela azaltzen digu ere erakusketaren gidariak. Bi kaleren artean kokatua egoteak, presentzia bikoiztua eman eta arkitektura lan ederrak irudikatzeko leku apropos bilakatzen dituelako, hain zuzen.
Eder bezain preziatuak diren leku hauek espekulazioaren oso menpe omen daude, ordea, eta 60ko hamarkadatik aurrera izkinetan eraikuntza berriak sortzeko prozesu bat hasi zela azaltzen digu.
Prozesu horrek etenik eduki ez duela jabetzen gara segituan, penaz, Mirakruz 19 eta Bellas Arteseko eraikinen argazkiak begien aurrean agertzen zaizkigunean.
Ezkutuko ondarea
Donostiako Erdialdera bidean, horren ezaguna ez den ondareaz hasten gara hizketan. Eraikinen barnealdeetan topatu daitekeena, alegia.
Benetako altxorrak diren atariak dauzkagu. Izan ere, kanpotik soilik begiratu ohi ditugun eraikin horien barnean, marmol eta azulejuzko lanak, muralak, beirateak eta izugarrizko mosaikoak topa ditzakegu, besteak beste. Baina aberastasun hori ugaria izan daitekeen arren, Donostian bederatzi atari soilik daudela babesturik azaltzen digute, Erdialdekoak denak.
Ildo horretatik jarraituz, fatxadismoari eskainitako atal bat ere badu erakusketak, Tabakaleraren moduko eraikinen «barnealde historikoekin egindako suntsiketa sistematikoa» salatzeko asmoz.
Memoria berreskuratuz
San Martin azoka zaharrari begiratu bizkor bat bota ostean, itsasertzera iritsi gara. Bertan, Kontxako pasealekuaren eboluzioa irudikatzen duen marrazki eder bat dugu aurrez aurre. Arkitektura ikasle batek marraztu eta Ancorari utzitako obra bat dela azaltzen digute.
Hau ez da, baina, erakusketarako jaso duten «opari» bakarra. Hortik zenbait metrora, Cortazarrek 1910ean diseinaturiko Perlaren akuarela izugarri bat topa dezakegu –dorre bat zuen garaikoa–. Guztion ikusmina piztu duen marrazki hau arkitektoaren familiak utzi omen dio Ancorari, erakusketa honetarako.
Taldeko pertsona helduek euren oroitzapenekin osatzen dituzte gidari gaztearen azalpenak. Gutako askorentzat, berriz, guztiz ezezagunak dira argazkietan jasotako zenbait eraikin, aspaldian eraitsitakoak baitira batzuk. Donostiako Alondegia, adibidez, 1950. urtean bota zuten. Gaur egungo zenbat gazte donostiarrek asmatuko lukete, ordea, eraikin zahar horren lekuan ageri dena Sarriegi Plaza dela orain? Zenbatek ezagutuko lukete Antiguako auzoa Lizarriturri eta Rezola lantegien argazkietan?
Sumina bihotzetan
Hiriko auzo guztiei atzera begira bat eskaini ostean, bideo emanaldi bat ikustera gonbidatu gaituzte. Gela txiki batera sartu eta, ilunpetan, martxan jarri dute proiektorea.
Irudietan, aurreko astean eraitsitako San Bartolome komentuaren alboko pareta. Taldekide guztien ahotsek bat egiten dute hor, aurrez aurre daukatenarekin haserrea adieraziz. Pixkanaka, ordea, bisitarien hasierako haserre hori tristura eta frustrazioan doa bilakatzen, hirian emandako eraisketen irudiak aurrera doazen heinean. Bideo horietako batek, Kursaal kasinoaren eraisketarenak, alegia, deiadarra eragiten du ikusle guztiengan. «Zein gogorra…», dio ahots batek.
Proiekzioa amaitu eta, irteterakoan, giro arraroa nabaritzen da taldean. Bisita ere bukatu da, jada, eta jendea oso eskerturik agertzen zaio bisitaren gidariari. Goibeltasun puntu bat hautematen da ere, ordea, askoren aurpegietan.
Gidariak, bere aldetik, erakusketak hirian galdu denaren zati txiki bat bakarrik irudikatzen duela gogoratzen digu, behin eta berriz. Hautaketa bat besterik ez dela, eta galdutako hiri ondarearen arazoa bertan ageri dena baino askoz larriagoa dela aitortzen du: «Donostiak desagertzen jarraitzen du», esaten digu.
Erakusketa gelaren erdian panel bat ageri da, zutik: «Ondarea arriskuan». Bertan, oraingoan denoi ezagunak egiten zaizkigun eraikin mordoa dago: Villa Almudena, Itxas Gain, Bellas Artes jauregia…
Argazkietan bizirautera kondenatutako ondarea bilakatuko ote diren galdezka, bihotzeko minez bueltatzen gara, denok, kale hotzera berriro.