Asteburuan Bidebietako institutu publikoaren alde mobilizatuko dira
Larunbat eta iganderako mobilizazioak egingo dituzte, eta “auzoak merezi duen erantzuna” ematea espero dute Marea Horia-ko kideek. Badakite ez dela erreza izango: “Jende asko dago institutua ixtearen aurka, baina hala ere zaila da hauek guztiak mobilizatzea”.
Momentuz, bi data aurreikusi dituzte: “Urtarrilaren 27an, 13:30ean, mobilizazioa egingo dugu eta kalejiran joango gara institutuaren eraikin batetik bestera; bestalde, urtarrilaren 28an kazerolada egingo dugu 21:00etan”. Azken honen helburua burrunba ateratzea dela dio Lonbidek:?”Bidebietara jende asko gauez etortzen da, lotara, eta uste dugu formatu honek funtzionatu dezakeela etxetik atera gabe protesta egiteko”. Gaineratu du kazeroladak egin diren aurreko aldietan «nahiko ondo»?funtzionatu dutela. Leihoetatik kazerolak astintzeko aukeraz gain, kalean elkartzeko deia ere egingo dutela azaldu du Lonbidek: “8:30ean elkartuko gara Auzoenean tortilla batzuk jan eta auzoan zehar zarata ateratzera joateko”.
Bidebietako Institutuan datorren ikasturterako matrikulazio kanpaina abiatu dutela jakinarazi du Marea Horiak taldeak. Pozik hartu dute berria, baina uste dute ez dela nahikoa. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak auzoko institutu publikoa ixteko mehatxua egin du, “zentroaren bideragarritasunik eza” argudiatuta eta auzotarren, zuzendaritzaren eta institutuko klaustro eta irakasleengan jarri zuen ardura abenduan egindako adierazpenetan: zentroaren inplikazioan, hezkuntza komunitatean eta matrikulazio kopuruan. Hezkuntza sailburuaren adierazpenek haserrea sortu dute Bidebietan, izan ere, uste dute erantzukizuna “agintarien esku” dagoela.