Ehun bat eraikin esanguratsuren bidez erakusketak ezagutzera eman nahi du galdutako hiri ondarea, eta ikusarazi nahi du ondarea kudeatzeko tresnak hobetzea beharrezkoa dela, arkitekturak nortasuna eta bizi kalitatea sortzen dituelako. Donostiako Parte Zaharreko Santa Teresa komentuan dago ikusgai erakusketa, eta hau ikusteko hilabete gehiago izango dute herritarrek. Ancora taldeak eta Gipuzkoako Aldundiak adostu dute
beste hilabete batez irekitzea, hau da, otsailaren 25era arte, Mugak Bienalaren programa ofizialetik kanpo.
IRUTXULOKO HITZAk bisita gidatu baten kronika argitaratu berri du.
Eneko E. Oronoz erakusketaren komisarioa ere elkarrizketatu du.
Orain arteko egun berberetan egongo da irekita: ostiral arratsaldetan (16:30-20:30); larunbatetan, goizez (10:30-14:30) eta arratsaldez (16:30-20:30), eta igande goizetan (10:30-14:30). Era berean, bisita gidatuei eutsiko zaie: asteazkenetan eta ostegunetan, 19:00etan.
Liburu solidarioa
Gaur, urtarrilak 22, erakusketaren edukia biltzen duen argitalpena aurkeztuko da Koldo Mitxelena Kulturunean. Aurkezpen ekitaldia 19:00etan hasiko da. Argitalpenarekin lorturiko diru sarrerak aita Angel Olaran buru duen Etiopia Utopia GKEaren ‘Kainaberak II’ proiektura bideratuko dituzte. Lanak azken zazpi hamarkadetan Donostiako 13 auzotan desagertzen joan diren eraikinei buruzko dokumentazioa eta argazkiak biltzen ditu.