Sansebastianetan gertatutako sexu erasoa gaitzetsi du udalak
San Sebastian egunean sexu eraso bat sufritu zuen emakume batek. Donostiako Udalak irmoki gaitzetsi du erasoa eta elkartasuna adierazi dio erasoa jasan duen emakumeari. Adierazpen instituzional bat plazaratu du udalak eta iragarri du osteguneko udalbatzarra hasi aurretik minutu bateko isilunea egingo dutela.
Udalaren adierazpena:
Pasa den asteburuan Donostian izan den sexu erasoaren aurrean, Udalak honako hau adierazten du:
1.- Udalak erabateko irmotasunez gaitzesten du gure bizilagunak jasandako erasoa. Gure hirian gertatutako indarkeria matxistak eragindako beste gertaera bat izan da.
2.- Babesa eta elkartasuna adierazi nahi dio eraso tamalgarri honen biktimari, bai eta bere familia eta hurbileko ingurukoei ere. Udalak biktimari eskainiko dio Udalaren arreta zerbitzuen, eta babes juridiko, soziala eta psikologikoa, eta behar duen laguntza guztia.
3.- Mota honetako erasoak gure gizartean oraindik nagusi diren indarkeria matxistaren eta genero desberdintasuneko jarreren adierazpenik higuingarrienak dira eta Udalak guztiz gaitzesten ditu. Ezinbestekoa da lanean jarraitzea, gizartea eta hiriko giza eragileekin batera, balioetan oinarritutako heziketaren eta gizon eta emakumeen arteko berdintasunaren alde. Beharrezkoa da, halaber, azpimarratzea horrelako jarrerak eragiten dituzten faktoreetan egunez egun esku hartzen jarraitu behar dela.
4.- Gaitzespena adierazteko, Udal Korporazioak minutu bateko isilunea egingo du osteguneko, hilak 25eko, Udalbatzaren hasieran, eta gaitzespena adierazteko egiten diren deialdiekin bat egiten du.