Donostiako Bulebarra jendez gainezka. (Argazkia: Malen Aldalur)
2017ko balantzea egin berri du Donostiako Udalak turismoaren gaiaren inguruan eta, jaso dituzten datuen arabera,
hiriko bisitarien kopuruak %2,24ko hazkundea izan du urte honetan zehar. Igoera honek hiriko turismoaren “joera orekatu eta jasangarria” irudikatzen duela adierazi du Ernesto Gasco lehen alkateordeak eta Turismoko zinegotziak.
Udaletik leuntzat jo duten hazkunde honen epe garrantzitsuena otsailean eman zen, %4,87ko igoerarekin. Abuztuan berriz, urteko goi-denboraldian, %0,53ko jaitsiera jasan zuen hiriko turisten kopuruak.
Turismoaren nazioartekotze prozesua aipagarria da ere azken urtekotako joera begiratuz gero. 2013Ra arte hiriko bisitari gehienak estatukoak ziren, baina urte horretatik aurrera igotzen joan da nazioarteko turisten kopurua.
Donostia bisitatu zutenen %56,66a atzerritarra izan zen 2017an.
Urteko balantzea eginik, Udalaren ahaleginak “Donostiako marka turistikoa indartze aldera eta turismoaren desestazionalizazioa lortzerantz” doazela adierazi du Gascok.