"Auzoko jendeak eskerrak ematen dizkit kioskoa berriro irekitzeagatik"
Iazko apiriletik itxita egon da, baina aurreko ostiralean igo zuen berriz pertsiana. Udalak kioskoaren kudeaketarako antolatu zuen lehiaketa publikoa zozketa bidez egokitu zaio.
30 urtez kudeatu zuten Vicky Hernandezek eta Roberto Cigandak Bulebarreko 22. zenbakian dagoen kioskoa. Iaz jubilatu egin ziren biak, ordea, eta udaletxe pareko kioskoa, egunkaririk gabe, hutsik geratu zen berriro aurreko ostirala arte. Xoan Suarez (Betanzos, 1978) galiziarrari eman dio orain udalak kioskoaren kudeaketa. Berak, ordea, ez du sekula aldizkari bat bera ere saldu, supermerkatu batean egin baitu lan. Duela hiru urte eta erdi iritsi zen Donostiara, bere emaztea hemengoa delako.
Zerk eraman zintuen kioskoa eskatzera?
Lagun batek udal lehiaketa publikoaren oharra ikusi zuen Twitterren eta komentatu egin zidan. Ni langabezian geratu berri nengoen une horretan, eta probatzea erabaki nuen. Handik hilabetera kioskoa niri egokitu zitzaidala esan zidatenean, sekulako ezustekoa izan zen niretzat. Inoiz ez zait ezer tokatu eta.
Zuk, ordea, ez duzu inoiz kioskoko saltzaile gisa lanik egin.
Ez… Eta imajina dezakezun bezala, zalantza mordoa etorri zitzaidan gainera bat-batean. Zer egin nezakeen nik horrekin? Nondik hasi ere ez nekien eta! Nik bezeroentzako arreta bakarrik ezagutzen nuen.
Eta nola moldatu zara?
Martari, lagun on bati, deitu nion segituan. Easo plazako eta autobus geltokiko kioskoen jabea da bera. Hau egokitu zitzaidala azaldu nionean aukera aprobetxatzeko esan zidan. Lan gogorra dela, noski, oso garaiz jaiki eta lan ordu asko egitea exijitzen duelako. Baina merezi duela. Galiziarrek dioten bezala, tokatu zitzaidana bicoca bat zela esan zidan. Berak asko lagundu dit lehenengo egun hauetan. Gauzak antolatzen, hornitzaileekin harremanetan jartzen. Hau mundu berri bat da niretzat!
Duela astebete ireki zenuen kioskoa. Nola daramazu horren garaiz jaikitzearena?
Ondo.?Nik zazpietan igotzen dut pertsiana, baina lehenagotik nago bertan. Aurretik, jasotako eskariak ondo daudela egiaztatu eta inguruko partikular eta jatetxeei prentsa banatzen diedalako.
Zer moduz auzoko jendearekin?
Ezin hobeto. Jendea asko pozten da kioskoa berriz ireki dela ikusteaz. Eskerrak ematen dizkidate horregatik! Pena ematen zien horrelako eraikin bat itxita ikustea, zahartzen nola zihoan ikustea. Oso giro ona dago, hortaz. Astebetean, hemendik aurrera egunero etorriko diren bezero asko ezagutu ditut.
Auzoko saltokia da eta.
Bai. Eta auzotarrek beraiena egin dute, denbora luzea daramalako hemen. Leku hau berriro bizirik eta aldizkariz beterik ikusteak ilusio handia egin die. Oilo-ipurdia jartzen zait animatzera eta irekierarengatik pozten direla esatera datozen bakoitzean. Beraientzat ere leku garrantzitsua dela argi geratu zait.
Prentsa digitalari beldurrik ez?
Betiereko zalantza, hori. Nik garbi daukat paperezko prentsak etorkizun beltza duela, baina ez dut uste inoiz guztiz desagertuko denik. Beti egongo da, pantaila batetik irakurtzea baino, papera esku artean edukitzea nahiago duen jendea.
Bertan luzez geratzeko asmoa duzu, hortaz?
Sustraiak finkatu nahi ditut hemen. Gustura nabil eta lanbide gisa duina iruditzen zait. Nire aurretik hemen egon zen bikoteak 30 urte pasa zituen bertan. Jubilatu arte hemen jarraitzeko prest nago ni ere.
Gainera, kioskoaren kokapenak xarma berezia ematen dio.
Bai, guztiz. Eta jendearen giro ona erantsi egiten zaizu. Supermerkatuan nenbilenean desberdina zen. Jendearekin kontaktuan egon arren, harremana askoz hotzagoa iruditzen zitzaidan. Orain, berriz, luze geratu naiteke egunkaria erostera pasa den norbaitekin hizketan.