Jon Insausti, Eneko Goia eta Miren Azkarate udaletxeko prentsa aretoan. (Argazkia: I. Esnaola)
Donostiako Udal Gobernuak aldaketa bat izan du. Hurrengo astetik aurrera,
Jon Insausti izango da Kultura eta Hezkuntza zinegotzi berria, eta EAJ udal taldearen bozeramailea. Miren Azkarate ordezkatuko du Insaustik. Hain zuzen ere, Azkarate Euskal Herriko Unibertsitateko katedradun postura itzuliko da, baina Euskara zinegotzi izaten jarraituko du.
Eneko Goia alkatearekin batera eman dute prentsaurrekoa Insaustik eta Azkaratek. Goiak esan du aldaketa aspaldi aurreikusita zegoela. “Azkaratek Kultura saila zuzentzea onartu zuen Europako Kultur Hiriburutza bultzatzeko eta zuzentzeko”, azaldu du alkateak. “Erronka hori bukatuta, legatua ondo bideratuta utzita, eta 2018ko aurrekontua onartuta, Azkarateren ordezkapena errazteko unea iritsi da”.
Azkaratek ez du udala utziko, baina lehen lerrotik atzera egingo du. Esker oneko hitzak eskaini dizkio udal gobernuari, alderdiari eta Goia alkateari. “Ohorea izan da lan hau egitea, eta hurbiletik bizitzea Kultur Hiriburutza. Ohorea izan da ere Donostia Kultura erakundearen garapenean parte hartu izana”, esan du Azkaratek.
Ilusio handiarekin hartu ditu Insaustik ardura berriak. Alaitasun malkoak ere atera zaizkio aukera eskertzerakoan. Bai Azkarateri, eta bai udal taldeari ere. Kultura eta Hezkuntza zinegotzi izango da aurrerantzean, EAJren bozeramaile lanarekin batera. “Ardura eta ilusio handiarekin hartu dut aukera berri hau”, esan du Insaustik. Donostiak kultura jarduera aberatsa duela azpimarratu du, eta abian diren egitasmoak eta sortuko direnak aurrera eramateko gogotsu agertu da.
IRUTXULOKO HITZAk Insaustirekin hitz egiteko aukera izan zuen, Jose Luis Arrue PPko zinegotziarekin elkartu zuenean.