Xabi Alonsok parte hartuko du Korner jaialdian
Donostia Kultura eta Real Sociedad Fundazioa elkartu egin dira Korner osatzeko: Kultura & Futbol Festibala, Otsailaren 19tik 24ra. Ernest Lluch kultur etxea izango da jaialdiaren ikurra, Anoeta estadioan kokatuta dagoelako. Azken batean, kultura eta futbola uztartzearen gaia aztertu eta sustatuko du jaialdiak, hainbat jardueren bidez: solasaldiak, proiekzioak, erakusketak, proposamen eszenikoak… publiko zabal bati begira. Programazioaren aurrerapena egin dute, eta egitarau osoa datozen egunetan aurkeztuko dutela azaldu dute.
Kornerren bidez, Donostia Kulturaren nahia da bere programazioa zabaldu eta aniztasuna lortzea; Real Sociedad Fundazioarentzat apustu bat da Korner, kirol eremua gainditzekoa eta beste eremu batzuetan duen inplikazioa indartzekoa.
PROGRAMAZIOAREN AURRERAPENA
- Otsailak 19 (18:30). Futbolaren bideak: Xabi Alonsori Manuel Jabois kazetariak egindako elkarrizketa. Ernest Lluch kultur etxean. Gonbidapenak otsailaren 13tik aurrera eskuratu ahal izango dira kultur etxean, baita Real Sociedaden dendetan ere.
- Otsailaren 23 (20:00etan). El jugador antzezlanaren estreinaldia. Asier Anduezak idatzia eta zuzendua, eta Tinglao Producciones-ek ekoiztua. Futbola eta homosexualitatearen gaia landuko du. Sarreren prezioa 5 eurokoa da, eta Donostia Kulturako leihatiletan eta bere webgunean eskuratu daitezke.