Donostiatruken balantzea egin dute. (Argazkia: Malen Aldalur)
Iaz 27.500 bisitari inguru eduki zituen Donostiatruk merkatuak. Ingurumen sailak antolatzen du Easo plazan egiten den merkatua eta iaz guztira
7.440 erosle izan zituen. Pozik dago lortutako emaitzekin Alfonso Gurpegi ingurumen zinegotzia.
Guztira sei merkatu berezi egin zituzten 2016an eta Gurpegik azpimarratu du horietatik, inauterietako eta Gabonetako merkatu solidarioa izan zirela bisita gehien eduki zutenak, guztira, 3.000 bisitari.
2018an hainbat berrikuntza egin nahi dituzte: merkatu monografikoak gutxituko dituzte eta erreferente bilakatu diren horiek soilik mantenduko dituzte (Inauterietakoa, Bizitruk eta Gabonetako merkatua); elkarteei urtean hiru hilabetetan soilik parte hartzeko aukera emango zaie; merkatuetan bertako eta garaiko produktuen postu bat jarriko dute; merkatuan bigarren eskuko erosketak eginda aurrezten den CO2 kantitatearen berri emango dien aplikazio bat jarriko dute; Intxaurrondon bigarren eguneko merkatu bat egingo dute apirilean, eta Altzan ekainean; eta azkenik, ekainean Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eskola liburuen merkatua egingo dute.
Bestalde,
hainbat ikastaro egingo dituzte 2018an Emaus Fundazioaren laguntzarekin, bat egin dute dagoeneko: inauterietako arropa egiteko ikastaroa. Hemendik aurrera honakoak egitea aurreikusten dute: bizikleten gurpil zulaketak konpontzen ikasteko ikastaroa, bigarren eskuko koadernoak dekoratzeko ikastaroa, elektrizitate ikastaroa eta baserritar erroak konpontzeko eta egokitzeko ikastaroa.