Etxebizitzaren prezioa hamar aldiz garestitzen da auzoaren arabera
Hiriko etxebizitzaren prezioaren egoera aztertzeko asmoz, ikerketa bat egiteko agindu du Donostiako Etxegintzak. Gaur aurkeztu ditu Enrique Ramos hirigintza zinegotziak ikerketatik ateratako datuak: batezbeste 4.150 euro balio du metro koadroak hirian, nahiz eta aldea handia den auzotik auzora.
Ramosek azaldu du batezbestekoak %20 egin duela behera orain dela 10 urteko datuekin alderatuta: “Altza, Martutene edo Bidebieta moduko auzoetan %30 edo %40 jaistera iritsi da”.
Bestalde, jakinarazi du esanguratsua dela etxebizitzatik etxebizitzara prezioan dagoen aldea: “Metro koadroaren diferentzia 1etik 10era bitarte doa”. Ramosek azaldu du metroa koadroa 1.500 euroan dagoela Martuteneko etxebizitza batzuetan eta erdialdeko beste batzuetan, aldiz, 18.000 euroan. Ildo berean, azterketaz arduratu den Jose Luis Polok honela gaineratu du: “Madrilek edo Bartzelonak moduko prezio diferentziak ikusi daitezke Donostian zentrotik periferiara”.
Otsailaren erdialdean aurkeztu nahi dute Etxebizitza Plana eta datu hauek “errealitatetik ahalik eta gertuen” dagoen plan bat egiteko erabiliko dituztela azaldu du hirigintza zinegotziak.