2018a kontzertuz beteriko urtea izango da Donostiako Orfeoiarentzat
Londreseko Royal Albert Hall aretoan Juanjo Mena zuzendariaren eskutik egin zuten emanaldia eta Konstituzio Plazaren 200. urteurrenean ospatutako kontzertua nabarmendu ditu. Bazkide kopuruari dagokionez, aurreko urteetako beherakada eten eta iazko kopurua mantentzea lortu dutela jakinarazi du gainera orfeoiko lehendakariak.
Zentzu horretan, ordea, hiritarren laguntzaren beharra izaten jarraitzen dutela aipatu dute, bazkideak orfeoiarentzat ezinbestekoak direlako eta, Sainzen hitzetan, “laguntzeko aukera dutenek behar bezain beste egiten ez dutelako”, erakunde publikoei zeharkako kritika bidaliaz.
Iazko urtea ondo joan zela onartu badute ere, Donostiako Orfeoiari motz geratu zitzaion bere 120. urteurrena. 2018a hasi berri dutela, ordea, agenda are beteago daukate, iaz baino 13 kontzertu gehiago baitituzte jada lotuta.
Guztira 40 kontzertu dauzka aurreikusita momentuz orfeoiak urte honetarako, nazioarteko zazpi emanaldirekin (Rotterdamen, Bruselan, Munichen, Carcassonnen eta Toulousen, bi aldiz). Lau musika-ziklotan hartuko dute ere parte urtean zehar eta Musika Hamabostaldirako “gauza oso, oso handi bat” prestatzen dabiltzala aurreratu du gainera Jose Antonio Sainz Alfaro orfeoiko zuzendariak.
Ekitaldi berezi bat antolatu dute ere 2018rako. Izan ere, Donostiako Orfeoiaren urteurrena eta Madrilgo Antzokiaren 200 urteak ospatzeko bi kontzertu eskainiko dituzte irailean, estatuko hiriburuko orkestra sinfonikoarekin batera. Bata Donostian izango da eta, bestea, Madrilen, bietan Prokofieven Ivan Izugarria interpretatuko dutelarik. Hasiera batean 2017an ospatu nahi izan zituzten emanaldi hauek, orfeoiaren eta antzokiaren urteurrenean, baina Sainzen osasun arazoak zirela eta atzeratu egin behar izan zituzten azkenean.
2017ko balantzearekin gustura geratu direla azaldu du, bere aldetik, Jose Maria Echarri orfeoiaren lehendakariak. Besteak beste, uniforme eta webgune berriak estreinatu zituztela gogoratu du Echarrik, eta eskaini zituzten 27 kontzertuetatik,