Zabortegi klandestino baten berri eman du Eguzkik
Eguzki talde ekologistak salatu du ezkutuko zabortegi bat dagoela Martutenen: “Azken asteetan era askotako zaborra eta obra-hondakina uzten ari dira zabortegi klandestino batean. Urumeako autobidearen eta trenbidearen artean dago, Goiaz Txiki baserrirako bidean, Okendotegiko trenbide-pasagunetik gertu”.
Talde ekologistak argi du ez dela izan norbanako baten lana: “Ez da norbaitek egindako kasu isolatua, astez aste hazten baitoa zaborra. Enpresa batek ere bere logotipoarekin hamarnaka zaku bota ditu”. Gainera, azpimarratu dute hortik gertu dagoela Aizmendiko zabortegia.
Eguzkik eskatu dio Donostiako Udalari beharrezko neurriak hartzeko gertatzen ari denaren aurrean.