Euskaltel izango da Realaren babesle nagusi berria
Euskaltel izango da hemendik aurrera Realaren futbol taldeen babesle nagusia, talde donostiarrak Qbao.com-rekin zuen akordio komertziala bertan behera utzi ostean. Orain arte babesle nagusitzat izan duten enpresa txinatarraren arazo judizialak direla eta bien arteko kontratua apurtzeko erabakia hartu du gaur talde donostiarrak.
Euskal operadorea aurretik Realaren babesle eta bazkide teknologikoa bazen arren, Qbao.com-ek utzitako hutsunea ere beteko du orain Euskaltelek, babesle nagusi bezala neska eta mutilen taldeetako kamisetetan bere logoa ipiniaz.
Emakumeen kasuan, 2021era bitarteko balioa izango du akordioak. Gizonezkoei dagokionez, berriz, denboraldi amaiera arte iraungo du Euskaltelen babesak.