Enrique Ramos: «Parte Zaharra, gaur egun, atsegina da bizitzeko eta bisitatzeko»
Donostiako?Udalak martxoan jarriko du abian Pisu Turistikoen Ordenantza. Parte Zaharra «eremu ase» bihurtuko da. Bitartean, araudia aldatzen ari dira auzotarren kezkari erantzuna emateko.
Enrique Ramos, Hirigintza zinegotzia
Parte Zaharrari tratamendu berezia emango diozuela iragarri zenuten. Orduan, zergatik baimendu duzue Santa Maria eliza parean hotel bat eraikitzea?
Hasteko eta behin, ez dugu hotel bat eraikitzeko lizentziarik eman. Lanak egiteko lizentzia bat da sinatu duguna; kasu horretan hotel bat egiteko. Dena dela, horrek ez du esan nahi baimena izango duenik. Plan Orokorraren moldaketa onartu gabe dago, eta hori gertatu bitartean egungo araudia dago indarrean.
Baina auzoa «eremu ase» gisara jaso duzue Pisu Turistikoen Ordenantzan. Ez al da kontraesankorra?
Inolaz ere. Azaldu bezala, Plan Orokorraren araudia moldatzeko lanetan gabiltza, eta Pisu Turistikoen Ordenantzan Parte Zaharrari izaera propioa eman diogu.
Ostegunero herritar batzuk elkarretaratzeak egiten ari dira Santa Maria eliza aurrean.?Zer iruditzen zaizu?
Oso errespetagarria iruditzen zait herritar horien jarrera.
Aldamar kalean hainbat etxebizitza bloke erosten ari dira, eta bizilagunak etxeetatik kanporatzen. Baduzu horren berririk?
Ez dakit ezer horri buruz.
Parte Zaharra noiz izendatuko duzue «eremu ase» gisara?
Oraindik tramite batzuk daude egiteko. Esaterako, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen-ebaluazio txostena. Lau hilabete behar izan dute prestatzeko, eta duela egun batzuk jaso genuen. Datorren astean aurkezpen publikoaren aurreko tramitea egingo dugu, eta gerora hasierako onarpena emango diogu. Tokiko Gobernu Batzordera hilabete honetan bertan eramaten saiatuko naiz.
Zein irizpide erabili dituzue auzoa«eremu ase» izendatzeko?
Irizpide teknikoak. Bereziki, zonaldean hirugarren sektoreari eskainitako metro karratuengatik, eta Plan Orokorrak auzoarentzako ezartzen dituen mugak kontuan hartuta. Gogoratu behar da eremuak portua ere hartzen duela.
Hiritar gisa nola ikusten duzu Parte Zaharra?
Begira, Donostian jaio naiz, eta betidanik hemen bizi izan naiz. 48 urte ditut, eta oso ondo dakit Parte Zaharra auzo gatazkatsua eta ez oso erakargarria izan dela urte askotan, donostiarrentzat eta turistentzat. Segurtasun arazoak zeuden, gatazka politikoa, mugikortasun oztopoak… Kotxeak auzora sartzen ziren, eta jendea motoarekin tabernako ateraino joaten zen. Hori dena ikaragarri aldatu da, eta onerako izan da. Parte Zaharra, gaur egun, leku atsegina da bizitzeko eta bisitatzeko. Arazoren bat duen arren, auzoaren egoera asko hobetu dela uste dut.
Auzotar batzuen kezkarekin bat egiten duzu?
Ulertzen ditut auzotarren kezkak, eta horregatik ari gara lanean araudia aldatzeko. Gizarte aurreratu batean uste dut horrela egin behar direla gauzak. Elkarbizitza lortu behar da bizilagun, merkatari eta ostalarien artean. Esaten ez den gauzetako bat da Parte Zaharrean hirugarren sektoreko 2.500 lanpostu daudela. Bihar denak itxiko balira, hiriko langabezia hiru puntu haziko litzateke. Hori ere aintzat hartu behar da, jendearen enplegua gai serio eta garrantzitsua da.
Santa Maria eliza pareko hotelarekin batera, hirian beste 20 eraikiko direla aurreikusten da. Horrela al da?
Ez da guztiz zehatza, eta datua nahiko partziala da. Gehienak hotel txikiak dira 20 eta 30 gela dituztenak, baita gutxiagokoak ere. Hainbat hamarkadatan hiriak turismo eskaintza mugatua izan du, batez ere, ETAren indarkeriagatik. Etorri nahi zuen jende asko zegoen, baina ez zen ausartzen. Zorionez, garai hura bukatu da, eta orain gure potentzial logikoa garatzen ari gara. Hori dela eta, gaua pasatzeko plaza kopurua handitu behar da, baina arrazionaltasunarekin eta fundamentuarekin.
Udal gobernuaren arabera, zenbat hotel kabitzen dira Donostian?
Kontua ez da zenbat hotel behar diren, plazak eta eskaintza desberdinak dira behar ditugunak. Dena dela, udal talde guztiek adosturiko Turismoaren Gida Planak dio ez dela beharrezkoa aurreikusitakoa baino gehiago haztea hotel kopuruari dagokionez.
Zein da udal gobernutik bultzatu nahi duzuen hiri eredua?
Orekatua eta arrazionala. Bertan bizitza egiten duten biztanleentzako eta bisitarientzako bateragarria den eredua. Hori dena kontutan hartuta, esan behar da zerbitzuak eskaintzen dituen hiria dugula. Ostalaritza eta merkataritza sektoreak batuta Barne Produktu Gordin (BPG) lokala %25ekoa da. Ez dugu turismoarekiko menpekotasunik, beste hiri batzuk bezala, baina ezin da albo batera utzi eta gutxietsi BPG lokal hori.
Non dago turismoaren eta hirian bizi nahi duenaren arteko oreka?
Egia esan, turismoaren eskaintza nahiko kontzentratua dago. Biztanleen gehiengoari turismoak ez dio eguneroko bizitzan kalterik eragin. Gainerakoari aurrerago erantzun diot.
Zenbat pisu turistiko itxi dituzue legealdi honetan, egungo araudiarekin?
Bereizketa bat egin behar da hemen. Ez da gauza bera pisu bati aurretiazko itxiera espedientea irekitzea, eta jardueraren etetea. Bien ondorioa itxiera bada ere, fase desberdinak dituzte. Legealdi honetan aipaturiko bi prozedura horiekin 500 itxiera baino gehiago egin ditugu.
Pisu Turistikoen Ordenantzaren behin betiko onarpena otsaileko udalbatzarrera eramango duzue. Noiz jarriko duzue indarrean?
Hasierako onarpena eman genion, eta jendaurrean aurkeztu genuen. Udalbatzarrera eramatean eta publiko egiten denean egongo da indarrean. Hau da, ondo bidean, martxoaren erdialderako.
Bitartean zein neurri hartuko dituzue?
Denbora guztian hartzen ari garenak: kontrola eta espedienteen irekiera.
Etxebizitzaren bilakaerari buruzko lehen txostenak dio Donostiako erdialdeko eta periferiako etxeen prezioak oso desberdinak direla.
Zer iruditzen zaizu?
Jakina zen gauza bat da, baina ikerketa zehatz eta serio bat egitea falta zen.
Ikerketaren arabera, azken hamarkadan %20 jaitsi da etxebizitzaren prezioa. Ordea, %10 igo da hiriaren erdialdean. Nola uler daiteke erdialdean prezioak gora egin izana eta periferiako auzoetan behera?
Ez da batere arraroa. Zoritxarrez, etxebizitza bat ez da soilik bizitzeko leku bat, inbertsioak egiteko ondasun bezala ere erabiltzen da. Hau da, bankuan edo inbertsio funts batean dirua jarri beharrean, etxeak erosten dira errentagarritasun gehiago lortzeko asmoarekin. Horren ondorioz, hiriaren erdialdeko etxebizitzen prezioak garestiagoak dira. Dena dela, fenomeno hori ez da hiriko auzo batzuetan ematen. Etxebizitzen prezioa jaitsi egin da horietan, eta ez gutxi.
Gaur egun merkeagoa edo garestiagoa da hirian etxe bat erostea?
Ikerketak argi uzten du. 2010ean Plan Orokorra onartu zenetik igoera nabarmen bat eman zen, batez ere, 2011n. Ordutik gaur egun arte %20 jaitsi da. Gainera, auzo batzuetan %30 eta %40ko jaitsiera egon da.
Etxebizitza Plana hilabete honetan aurkezteko asmoa duzue. Zerbait aurreratu zenezake?
Azken ukituak ematen ari gara planari, eta hilabete honetan aurkeztuko dugu, bai. Hobe da epeekin zuhurtziaz eta errespetuarekin aritzea.
Hotel batekin du harremana San Bartolome elizaren zati baten eraisketak. Zein neurri hartuko dituzue?
Hartu ditugu. Enpresa eraikitzaileak eraitsitakoa berregin beharko du, eroriko ez dela ziurtatu eta espedientea irekiko zaie.
Isuna jarriko diozue enpresari?
Bai, zalantzarik gabe.