Donostian garraio elektrikoa sustatzeko protokoloa sinatu dute
Donostiako Udalak, Gipuzkoako Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak lankidetza protokoloa sinatu dute mugikortasun elektrikoa garatzeko. Hain zuzen ere, jarduera integral baten oinarriak finkatu dituzte, ingurumenaren iraunkortasunean eta berrikuntza teknologikoan oinarrituriko garraio sistema eta trafiko jokabidea bultzatzeko.
Hirian eta Gipuzkoan mugikortasun elektrikoa garatzeko abiapuntua izango den dokumentua sinatu dute Eneko Goia alkateak, Markel Olano ahaldun nagusiak eta Arantza Tapia Ekonomiaren Garapenerako sailburuak. “Lehen pausoa da denok aurrera begira dugun helburua lortzeko bidean: garraio sistema publiko eraginkor eta energetikoki garbi bat artikulatzea”, adierazi du Goiak.
Hainbat jarduera eremu jasotzen ditu aipaturiko lankidetza hitzarmenak: ingurumena eta akustika babesteko eremu bat ezartzea, trafikoa kudeatzeko jokabideak, aparkalekuak kudeatzeko jokabideak, mugikorasun integratua eta Autobus Elektriko Adimendunaren sistema.
Mugikotasun adimendunarekin loturiko hainbat jokabide zehaztu nahi ditu udalak. Hala nola, ingurumena babesteko eremu bat sortu, trafikoa eta aparkamendua kudeatzeko sistema adimendunak ezarri, eta horren bidez kudeatzaileak zein herritarrak trafikoa monitorizatzeko sarbidea eskaini –mugikortasun integratua–, eta garraioa elektrifikatu 28 lineari aplikatutako plataforma erreserbatuan.