Hiru donostiarrek parte hartuko dute Hego Koreako jokoetan
Donostiak hiru ordezkari izango ditu Pyeongchangeko (Hego Korea) jokoetan. Lucas Egibar snowboarderrak eta Felipe Montoya patinatzaile artistikoak Neguko Olinpiar Jokoetan parte hartuko dute –hilaren 5etik 25era–. Jon Santacana eskiatzailea, berriz, Paralinpiar Jokoetan izango da –martxoaren 9tik 18ra–. Euskal Herriak orain arteko partaidetza handiena izango du.
Egibarrek aukerak ditu domina janzteko, 2014ko Sotxiko (Errusia) Olinpiar jokoetan diploma eskuratu ondoren. Bere bigarren jokoak izango dira, bertan 24 urte beteko ditu, eta hilaren 15ean lehiatuko da. BAT Basque Team-ek egin duen aurkezpenean, donostiarrak esan du prest dagoela Hego Koreara joateko. Azken txapelketetan espero baino emaiatza apalagoak lortu arren, dominen lehian sartzeko gogotsu dago.
Montoyak, berriz, programa laburra ondo egiteko helburua du sailkapena lortzeko. Sotxin gutxigatik ez zuen lortu. Hilaren 16an izango du programa laburra, eta sailkatzen bada 17an izango du programa librea egiteko aukera.
Santacanak bere bosgarren Paralinpiar Jokoetan parte hartuko du. Orain arte zortzi domina irabazi ditu donostiarrak, eta aukera du palmaresa handitzeko. Martxoaren 10ean izango du jaitsiera, 11n super-erraldoia, 13an super-konbinatua, 14an eslaloma eta 17an eslalon erraldoia.
IRUTXULOKO HITZAk Egibarrekin hitz egin du, eta ostiraleko astekarian bere adierazpenak irakurri ahal izango dira.