Ramos kargutik kentzeko eskatuko du EH Bilduk Hirigintza planeamenduan beste hutsegiterik egiten badute
Hiri planeamenduan beste hutsegiterik egiten badute Eneko Goia alkateari Enrique Ramos hirigintza zinegotzia kargutik kentzeko eskatuko diola jakinarazi du EH Bilduk. Gogorarazi du Ulia, Illunbe eta Bretxaz gain, ingurumen baimenik gabe beste plandeamendu batzuk tramitatzen ari direla.
Azaldu dute hirigintza planeamenduetan ingurumen baimena beharrezkoa dela kasu guztietan eta, hala eta guztiz ere, udal gobernuak zenbait hirigintza planteamenduen tramitazioarekin berdin berdin jarraitu duela, “ezer gertatu ez balitz bezala”. “Arduragabekeri horren ondorioz”, Udal Gobernuak beste bi porrot onartu behar izan dituela uste dute: Bretxa eta Illunbe. Bestalde, gaineratu dute horrek ondorio larriak utzi dituela, besteak beste, Parte Zaharreko anbulatorioaren obra gehiago atzeratuko baita.
Horregatik, EH Bilduk azaldu du ardura politikoak eskatuko dizkiola udal gobernuari: “Egitasmo bakoitzean dugun jarrera politikoa alde batera utzita, EH Bilduk ez du beste hutsegiterik onartuko Donostiako Hirigintza planeamenduan, akats bakoitzaren ondorioak jendarte osoak pairatzen dituelako, Bretxako anbulatorioaren atzerapenarekin ikusten ari garen bezala”.