
Behin eta berriz eskatu du Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteak hotelei, hostalei eta pentsioei lizentziak emateari uzteko. Azkenean, hala egitea proposatu du udalak.
Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean aldaketak egitea proposatu du, horrela,
Parte Zaharrean –kaia eta zabalgunea izan ezik–
ezin izango dute pentsiorik, hostalik edo hotelik zabaldu. Gainera, azaldu dute gaur egungoek edozein arrazoirengatik euren jarduna eteten badute, eraikin edo etxebizitza horiek ezingo direla gehiago hotel, pentsio edo hostal gisa erabili.
Enrique Ramos hirigintza zinegotziak plan orokorrean egitea aurreikusten dituzten aldaketak aurkeztu zituen asteazkenean herritarren aurrean, Juan Carlos Cuevas hirigintza ataleko zuzendariarekin batera. Bertan azaldu zuten etxebizitzen goiko solairuak ezingo direla hirugarren sektoreko zerbitzuentzako erabili, eta eztabaidatzeko dagoela lehenengo solairuekin zer egin. “Lehenengo solairuetan ezingo da hostal, hotel edo pentsiorik egon baina gaur egun posible da ile-apaindegi bat edo dentista kontsulta bat jartzea”, dio Ramosek. Gaineratu du oraindik zehazteko dagoela horrelako zerbitzuetarako lizentziak ematen jarraituko duten edo ez.
Espero moduan plan orokorreko aldaketak mota guztietako erantzunak ekarri ditu. Asteazkenean Udalbatza aretoan egindako aurkezpen herritarrean ere nabari ziren interes kontrajarriak zeudela: kezkatuta daude turismoari begira lan egiten dutenak, eta oraindik muga gehiago eskatzen dituzte zenbait bizilagunek.
Martxoko udalbatzarrera eramango du Ramosek plan orokorraren aldaketa bertan onartu dezaten. Guztira aldaketa honek hiru onarpen beharko ditu baina PSE-EEko zinegotziak azaldu du martxoko udalbatzarrean onartzen badute, lizentziak emateari utziko diotela onarpen guztiak jaso bitartean behintzat. Horixe zen hain zuzen ere EH Bilduk udalari eskatzen ziona. Horrela, jendea “korrika eta presaka” lizentziak eskatzen hastea ekiditeko.
Gaiaren inguruko erreportajea argitaratuko du IRUTXULOKO HITZAk ostiralean.