Alde Zaharreko Emakume Taldeak pankarten bidez salatu ditu gertaerak. (Argazkia: AZET)
Joan den astean lehertu zen albistea. Emakume gazte batek sare sozialen bidez salatu zuen tatuaje bat egitera joan zela Donostiara, eta tatuatzailearen aldetik sexu erasoak jaso zituela. Gerora, beste hamalau salaketa plazaratu dira tatuatzaile beraren aurka. Jasotako salaketen artean arau hauste penalak eta sexu erasoak daudela jakinarazi zuen ostegunean Martin Ibabe Segurtasun zinegotziak. Horrela, behin behineko espetxealdia ezarri diote erasotzaileari. Orain EH Bilduk eskatu dio Eneko Goia alkateari “merezitako babes instituzionala” eskaintzeko erasoak salatzen ausartu diren emakumeei: “Erasoak jasan dituzten emakumeekiko babes mezuak ugariak izan dira. Izan ere, emakume horien jarrera txalotzekoa da. Salaketa publikoarekin batera, funtsezkoa da salaketa egiten duenari babesa adieraztea, erakunde publikoen eta eragile sozial eta feministen aldetik”.
Donostian, azken hilabetetan indarkeria matxista areagotzen ari dela diote EH Bildukoek, eta gero eta salaketa gehiago egiten ari direla: “Tatuatzailearen aurkako salaketa publikoak egin zirenetik, EAJ eta PSEren udal gobernuak ardura udaltzaingoaren gain utzi du. Erantzun poliziala beharrezkoa da, baina ez da nahikoa. Salaketa egin duten emakumeei babesa erakutsi behar zien udal gobernuak, baina ez du egin”. Horrela, EH Bilduk babesa adierazi die sexu erasoak salatzen ausartu diren emakumeei; eta gauza bera egiteko deia egin die halakoak jasan dituzten guztiei. “Indarkeria matxistarik gabeko Donostia libre bat nahi dugu”.