
Parte Zaharrari dagokion Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren aldaketa aurkeztu dute. (Argazkia: Malen Aldalur)
Parte Zaharrari dagokion Hiri Antolamendurako Plan Orokorrean aldaketak egitea proposatu du udalak. Bi helburu ditu: bizitegi erabilera sustatzea, eta turismoaren eraginak gutxitzea.
Behin eta berriz eskatu du Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteak hotelei, hostalei eta pentsioei lizentziak emateari uzteko. Azkenean, hala egitea proposatu du udalak. Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean aldaketak egitea proposatu du, horrela, Parte Zaharrean –kaia eta zabalgunea izan ezik– ezin izango dute pentsiorik, hostalik edo hotelik zabaldu. Gainera, azaldu dute gaur egungoek edozein arrazoirengatik euren jarduna eteten badute, eraikin edo etxebizitza horiek ezingo direla gehiago hotel, pentsio edo hostal gisa erabili.
Enrique Ramos hirigintza zinegotziak plan orokorrean egitea aurreikusten dituzten aldaketak aurkeztu zituen herenegun. Azaldu zuten etxebizitzen goiko solairuak ezingo direla hirugarren sektoreko zerbitzuentzako erabili, eta eztabaidatzeko dagoela lehenengo solairuekin zer egin. “Lehenengo solairuetan ezingo da hostal, hotel edo pentsiorik egon baina gaur egun posible da ile-apaindegi bat edo dentista kontsulta bat jartzea”, dio Ramosek. Gaineratu du oraindik zehazteko dagoela horrelako zerbitzuetarako lizentziak ematen jarraituko duten edo ez.
Espero moduan plan orokorraren aldaketak mota guztietako erantzunak ekarri ditu. Aurkezpen herritarrean ere nabari ziren interes kontrajarriak zeudela: kezkatuta daude turismoari begira lan egiten dutenak, eta oraindik muga gehiago eskatzen dituzte zenbait bizilagunek.
“Beranduegi dator”
“Gaitzak zabaltzen hasi ondoren hasten dira arautzen”, dio Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteak. Ramosek, berriz, azaldu du ingurumen txostenak atzeratu duela aldaketa: “Behartuta gaude edozein aldaketa egin aurretik ingurumen txosten bat egitera”. Gaineratu du txostena udalak idatzi behar duela lehenengo, gero Jaurlaritzari bidali behar diola hark errebisatu dezan, eta azkenik, oniritzia jaso arte zain egon behar duela. Orain dela egun gutxi jaso zuten txostena, eta hori eduki eta “berehala” prozesua hasi dutela dio hirigintzako zinegotziak.
Dena den, “beranduegi” izateaz gain, beste hainbat arazo ere ikusten dizkio Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteak udalak proposatutako aldaketari: “Zabalgunea eta kaia plan aldaketatik kanpo uzten dituzte eta ez dugu zergatia ulertzen”. Xabier Arberas auzo elkarteko kideak gaineratu du orain zabalgunea eta kaia “arriskuan” geratu direla: “Parte Zahar historikoan pentsio eta hotel gehiago egitea debekatzen dutenean, denak zabalgunean eta kaian jarriko dituzte”. Udalak aldiz, argudiatu du hirigintza alorretik begiratuta “zeharo ezberdinak” direla kaiaren eta zabalgunearen eta Parte Zaharraren errealitateak eta, horregatik, ezin dituztela multzo berean sartu.
Pozik jaso dute, hala ere, udalaren proposamena Parte Zaharrean Bizi elkarteko kideek, berandu iritsi dela eta espazio gutxiegi barnebiltzen duela uste duten arren. Bestalde, azaldu dute legea “betearaztea” izango dela orain udalaren betebeharra: “Orain arte ere bazegoen araudia nahikoa baina arazoa da udalak ez dituela betearazten”. Horixe izan zen asteazkenean, aldaketak herritarren aurrean aurkeztean, hainbat bizilagunek egindako eskaria ere: «Araudiak betearaztea».
Aurrera begira
Legea betearazteko onartu egin behar da lehendabizi eta horregatik, martxoko udal batzarrera eramango du Ramosek plan orokorraren aldaketa bertan onartu dezaten. Guztira aldaketa honek hiru onarpen beharko ditu baina PSE-EEko zinegotziak azaldu du martxoko udalbatzarrean onartzen badute, lizentziak emateari utziko diotela onarpen guztiak jaso bitartean behintzat. Horixe zen hain zuzen ere EH Bilduk udalari eskatzen ziona. Horrela, jendea “korrika eta presaka” lizentziak eskatzen hastea ekiditeko.
Onarpen guztiak jaso bitartean lizentziak emateari uztea albiste ona dela uste du Parte Zaharrean Bizi elkarteak, naiz eta “beldurrez” begiratzen dion: “Esan ziguten uste dutela lizentziak emateari uzteko nahiko babes judizial izango zutela, baina Ramos ez zegoen hain seguru legalki posible izango duten edo ez; eta ziur beste aldetik prezio asko egongo direla”.
Hirigintza zinegotziak azaldu du plan orokorrean egitea aurreikusten diren aldaketak, beste ordenantza eta arauekin koherentzian egiten ahalegindu direla; horien artean pisu turistikoen ordenantza aipatu du Ramosek: “Bakoitzak bere horretan ez du, ziurrenik, arazoa konponduko baina egin ditugun ordenantza eta aldaketa guztiak norabide berean doaz”. Izan ere, pisu turistikoen ordenantza onartu dute dagoeneko Gobernu Batzordean eta martxoaren 1ean egingo duten ezohiko batzarrean onartuko dute behin betiko.
Toldoak jartzeko ordenantza berria egingo du udalak
Udalak Parte Zaharreko dendari eta ostalariei komunikatu die fatxadetan dituzten toldoak kendu behar dituztela. Hainbat dendari eta ostalari ez dira araudia betetzen ari eta udalaren baimenik gabe toldoak jarri dituzte. Hori dela eta, toldoak jarri ahal izateko behar den araudia aztertzen hasi da udala, eta horretarako plan berezia aldatu nahi du.