130 urte dira Clara Campoamor jaio zela
1888ko otsailaren 12an jaio zen Clara Campoamor. Politikari espainiarra Donostian dago hilobiratua, Polloeko hilerrian. Campoamor Madrilgo Maravillas auzoan jaio zen, egungo Malasañan. Erbestean pasa behar izan zituen urte asko; Frantzian, Argentinan eta Suitzan, kasurako. Hain justu, Lausanan hil zen 84 urterekin, minbiziak jota.
Campoamorrek berak Donostian hilobiratua izateko nahia erakutsi zuen hil aurretik, bere iraganeko pasarte kuttunetako bati ohore egiteko: Donostian zegoen Bigarren Errepublika aldarrikatu zutenean, 1931. urteko apirilaren 14an. Errepublika hasi berritan emakumeen boto eskubideari buruz eztabaidatzen hasi ziren Madrilgo parlamentuan. Eta Clara Campoamor izan zen emakumeek eskubide hori lor zezaten sutsuen borrokatu zutenetako bat.
Politikari madrildarra hil eta urte batzuetara eraman zituzten haren gorpuzkinak Polloera.
Monso Riu sendiaren panteoian dago atsedena hartzen, familia haren amabitxia baitzen.
Clara Campoamorren eskultura inauguratu zuten iazko martxoan. Kontxako pasealekuan jarri zuten. Aurretik, Benta Berrin zegoen eskultura, eta lekuz aldatu zuten, Plazandreok emakumeen plataformak horrela eskatuta.