Sei moto elektriko erosi ditu udalak
Mugikortasun elektrikoaren aldeko lanean jarraitzen du Donostiako Udalak. Beste sei motozikleta elektriko erosi ditu hiriari zerbitzua emateko. Aurretik erositako beste biekin, guztira 8 moto ditu. Aldi berean, 3 autobus, 4 auto, zabor bilketako 33 ibilgailu eta 160 bizikleta elektriko ditu udalak.
“Udalak teknologia berrien alde egin duen aldaketa honekin, gainera, herritarrak kontzientziatu behar ditugu gaur egun zertan den mugikortasun elektrikoa, eredu emateko”, azaldu du Pilar Arana Mugikortasuneko zinegotziak.
Udalak bere konpromisoari eutsi dio, ibilgailuak berritu eta ingurumena zaintzen duten ibilgailu garbiekin ordezkatuz, eta donostiarren bizi kalitatea oro har hobetzen laguntzeko.
BMW C Evolution modeloko motozikletak erosi dituzte, dagokien ekipamendu polizialarekin. 2017an definituriko irudi korporatiboari egokitutako dekorazio berria dute. Motoek 100 kilometroko autonomia dute, eta pasa den astetik dabiltza hiriko kaleetan zehar.