20 familia behar dituzte 'Oporrak Bakean' egitasmoa gauzatzeko
32 urte dira dagoeneko udaleko lankidetza atalak SEADeko Lagunen elkartearekin eta Fronte Polisarioarekin lankidetzan Oporrak Bakean egitasmoa egiten duela. Egitasmo horren bitartez, 10 eta 12 urte bitarteko Saharako hogeita hamar bat haur hartzen dituzte, udako bi hilabeteetan, Donostiako hainbat familiek.
Egitasmo honen helburua ahal den neurrian, adingabe hauek kanpamenduetan bizi dituzten bizi baldintza gogorrak arintzea da: “Hemen dauden bitartean mediku azterketak egiten zaizkie, denetarik jaten dute, eta, batez ere, basamortuaz bestelako ingurune bat ezagutzen dute”.
Helburu moduan jarri dute 2018ko udaran Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban 300 haur hartzea. Erronka handia izango dela uste dute: “Urtez urte gutxituz doa harrera kopurua, hartarako familiarik ez dagoela eta”. Donostian 30 adingabe hartzeko apustuari eutsi nahi diote eta horretarako 20 familia behar dituzte.
Saharako egoera txarra aipatu dute: “Zoritxarrez, herri honen egoerak ez du hobera egin, eta aurten ere beharrezkoa izan da programa abian jartzea, Saharako herritar errefuxiatuen kanpamenduetan, betiere laguntza humanitarioaren mende soilik, jada 41 urte irauten duen egoera guztiz bidegabe batean. Jadanik 42 urte beteko dituen bidegabekeria hori salatu nahi dugu”.
Saharako haur bat, udaran, etxean hartu nahi duen edonork apirilaren 1era arte izango du izena emateko aukera, eskaria Lankidetza Bulegoan aurkeztu daiteke (Aieteko Jauregian, Aiete pasealekua 65), 630533468 telefonora deitu edo oporrakbakean@donostia.eus helbidera idatzi.
Informazio guztia hemen. Dena den, lankidetza atalak bi hitzaldi informatibo antolatu ditu: otsailaren 20an eta martxoaren 15ean. Bi hitzaldiak 18:00etan izango dira udaleko Gobernu Batzarraren aretoan. Bestalde, otsailaren 24an, Saharar egunaren harira, programaren inguruko informazioa banatuko da Nestor Basterretxea plazan; otsailaren 27an, berriz, Saharako Estatua (SEAD) sortu zela 42 urte direla eta, udalak Saharako bandera jarriko du.