Amaia Almirral eta Ricardo Burutaran.
Donostiaren eta donostiarren kezka nagusia etxebizitza dela azpimarratu du EH Bilduren udal taldeak. Horrela, etxebizitzaren arazoa konpontzeko akordio politikoa eskaini dio udal gobernuari. Amaia Almirall bozeramaileak eta Ricardo Burutaran zinegotziak prentsaurrekoa eskaini dute xehetasunen berri emateko. “Hiri mailako akordioak behar dituen gai bati buruz ari gara, eta hemen ez dago alderdikerientzako lekurik”, esan du Almirallek.
Etxebizitza Plana aurki aurkeztuko du udal gobernuak, eta udal taldeen artean adostasun handia beharko duela adierazi du Almirallek. Lau alorretan adostasun politikoak lantzeko eta lortzeko “eskaintza politiko argia” aurkeztu du udal taldeak:
etxe hutsak, alokairua, eraikuntza berria eta etxebizitza eskubidea dira zehaztu dituzten lanketa esparruak.
Etxebizitza hutsak alokairuaren merkatura ateratzeko neurriak Etxebizitza Planean txertatzeko proposamena egin du EH Bilduk. “Zehazki, bigarren etxebizitzentzat OHZ %50era itzultzea proposatzen dugu”, azaldu du Almirallek. Bestalde, hiriko finantza erakundeek dituzten etxe hutsen zerrenda osatu eta Etxegintzaren eskuetan uztea proposatu dute, Alokabide programaren bidez alokairuan atera daitezen.
Alokairuaren prezioari dagokionez, hainbat neurri aurkeztu dituzte. Lehenik, legez kanpoko etxebizitza turistikoak alokairura bideratzeko proposamena jabeei zuzenean luzatzea. Bigarrenik, alokairua ordaintzeko arazoak dituzten eta beste laguntzarik ez duten herritarrentzat diru-laguntzak ematea. Hirugarren eta azkenik, pisu turistikoei begira lehen solairuko araua mantentzea alokairuaren prezioan eragiteko.
Babes ofizialeko eraikuntza berria udal gobernuaren “gabezia nagusietakoa” dela adierazi du Almirall. Hori dela eta, datozen urteei begira EH Bilduk proposamen “argiak” aukeztu ditu: “Urumea ibarra lehenestea eta bertan aurreikusten diren hiru egitasmo nagusiak aurrera eramatea, Morlansen gazteetzako etxebizitzak egitea, Aiete eta Antigua artean Añarbek duen lursaila erostea 24 babes ofizialeko etxebizitza egiteko, Esnabiden 215 babestutako etxebizitza eraikitzeko egitasmoa abian jartzea, eta lurzoru berria ez kontsumitzea”.
Etxebizitza eskubidea bermatzeko eredu berriak sustatzeko eskatu dio EH Bilduk udal gobernuari. “Babes ofizialeko etxebizitzak familia eredu berriei zabaltzea, partekatutako pisuak, Etxebizitza Kooperatibak, gazteentzako eta adinekoentzako apartamentuak eraikin berdinean ezartzen hastea, eta etxegabetzerik gabeko hiria izatea berriz ere”, azaldu du Almirallek.