Amaia Almirall, EH Bilduko bozeramailea.
Donostiako gizon eta emakumeen arteko arrakala gutxitzeko neurriak hartzeko eskatu dio EH Bilduk udal gobernuari. “Legea bete dezatela eta soldatei buruzko Donostiako datuak bereiz ditzatela. Eta noski, udal langileen soldaten inguruko azterketa egitea lehentasunezkoa izango litzateke”, azpimarratu du Amaia Almirall bozeramaileak.
Hego Euskal Herriko genero arrakala gutxitu beharrean, handitu da azken urteotan Almirallek jakinarazi duenez. “Azken datuen arabera, emakumeek 7710 euro gutxiago jasotzen dituzte urtean. Arrakala %25-%30 inguruan dago”. Aldiz, Donostiako soldata arrakalaren datu ofizialik ez dagoela kritikatu du, baina arazoa handia dela. “Langabezia tasa altuagoa da emakumezkoen artean –2016an: gizonak % 9,20, emakumeak % 12,20– eta errentaren datuak ere oso adierazgarriak dira –Eustat 2015: gizonak 28.409 euro, emakumeak 19.250 euro–”.
Biharko udalbatzarrera oposizioak eramango dituen kontrol mozioetatik erdiak Berdintasunarekin lotura dutela adierazi du Almirallek. “Soldata arrakala, dBusen erdialdiko geldialdiak, indarkeria matxista… Izan ere, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzeko politikei dagokienez, Donostia atzean geratzen ari da Eneko Goia alkatea denetik”.