Igandean amaituko da "Galdu genuen hiria" erakusketa
IRUTXULOKO HITZAk bisita gidatu baten kronika argitaratu zuen duela zenbait aste, eta Eneko E. Oronoz erakusketaren komisarioa elkarrizketatu zuen ere.
Erakusketa ostiral arratsaldean (16:30-20:30), larunbatean goiz (10:30-14:30) eta arratsaldez (16:30-20:30), eta igande goizean (10:30-14:30) egongo da ikusgai azken aldiz.
Donostian eraitsitako eraikin historikoak gogora ekartzeko asmoz, “Galdu genuen hiria” erakusketa aurkeztu zuen Ancora elkarteak abenduaren 20ean, Parte Zaharreko Santa Teresa komentuan. Mugak, Euskadiko I. Nazioarteko Arkitektura Bienalaren baitan, urtarrilaren 28rarte ikusgai edukitzeko asmoarekin abiatu zuten erakusketa. Proposamenak izan duen arrakasta ikusita, ordea, epe hori otsailaren 25era bitarte luzatzea erabaki zuten Ancorak eta Gipuzkoako Aldundiak, Bienalaren programazio ofizialetik kanpo.
Erakusketak beste garai bateko Donostia dakar bisitarien gogora, higiezinen presioaren ondorioz hiriak 1950ko hamarkadaz geroztik galdu duen ondarea arkitektonikoa irudikatuz. Asteburuetan nahiz asteazken eta ostegunetan 19:00etan egiten dituzten ibilaldi gidatuetan bisitatu daiteke erakusketa.