Bikote bat higiezinen agentzia bateko erakusleihoan. (Argazkia: Iñaki Agirre)
Oinarrizko eskubidea da etxebizitzarena, baina denek ez dute horretarako ahalmen ekonomiko nahikorik. Donostian, hiritarren kezka nagusienetako bat da etxebizitzarena, hiriko arazoen inguruan egindako inkesten arabera. Baina nolakoa da egoera hirian?
Idealista etxebizitzen salerosketarako eta alokairurako iragarkien webguneak ateratako txostenen arabera, 2017an inoizko daturik altuenak lortu ditu alokairuak: 14,1 euro balio du metro koadroak, 2016an baino %3,5 gehiago. Etxebizitzaren salerosketari dagokionez, berriz, %2,1 egin du gora. 2018ko urtarrilean batezbeste metro koadroak 4.119,5 euro balio ditu.
Egoera aztertzeko asmoz hiru higiezinen agentziekin –Begiristain, Engel & Völkers eta Abai– hitz egin dugu eta baita Aitziber Etxezarreta ekonomian doktorearekin ere. Bestalde, Udal Gobernuak eta oposizioko alderdiek gaiaren inguruan duten iritzia jaso dugu. Erreportaje zabala irakurgai egongo da ostiraleko astekarian.