'Mami Lebrun' lanak irabazi du Donostia Antzerki Saria
Estitxu Zabala
Antzezlaneko partaideetako batzuk, udaleko eta euskara zerbitzuko ordezkariekin. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Mami Lebrun antzezlana da irabazlea XVIII. Donostia Antzerki Sarian. Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak eta Donostia Kulturak ematen dute saria, horrela, euskaraz eskainitako antzezlanik onena aukeratzen dute, aurreko urtean antzerki konpainia profesional batek hirian eskainitako lanen artean. “Eskerrak eman nahi ditugu antzezlana Donostian programatzeko aukera izan genuelako, eta epaimahaiari, gure lana saritzeagatik. Gainontzeko hautagaiak ere aipatu nahi ditut, egin duten esfortzuarengatik”, azaldu du Kepa Errasti aktoreak. Xake Produkzioak antzerki konpainiak oraindik ez du jaso saria, izan ere, urtero legez, martxoaren 27an egingo dute sari banaketa, Viktoria Eugenia Antzokian, Antzerkiaren Nazioarteko Egunarekin bat eginez. Egun horretan, 19:30ean hasiko da ekitaldia, eta saria jaso ostean, antzezlana eskainiko dute.
Saria datza 12.000 euroan eta Chari Goienetxeren artelan batean. Martxoaren 27an, ordea, diru sariaren 10.000 euro jasoko dituzte, eta gainerako 2.000 euroak jasotzeko, euskarazko antzezlan berri bat eskaini beharko dute Donostian, 2020 urtea bukatu baino lehen. Dagoeneko beste proiektu bat osatzen ari direla azaldu du Getari Etxegarai zuzendariak: “Familia osoarentzako lan bat prestatzen ari gara, Lur izenekoa”. Xake Produkzioa konpainiaren lehenengo antzezlana da Mami Lebrun, beraz, oraindik ere alaiago daude kideak izandako harrerarengatik.
Hamabost lanen artean, onena
Helduentzako hemeretzi antzezlan eta hogeita hamahiru emanaldi eskaini dituzte hirian, 2017an; eta guztira, 8.192 ikusle izan dira emanaldi horietan. Hemeretzi antzezlan horietatik, hamabost dira Donostia sarian parte hartzeko baldintzak bete dituztenak (konpainia profesional batek antzezlana lehendabiziko aldiz Donostian eskaintzea).
Hasi saioa HITZAkide gisa
Saioa hasten baduzu, HITZAkide izatearen abantailak baliatu ahal izango dituzu.
HITZAkide naiz, baina oraindik ez dut kontua sortu SORTU KONTUA
Zure kontua ongi sortu da.
Hemendik aurrera, zure helbide elektronikoarekin eta pasahitzarekin konektatu ahal zara, HITZAkide izatearen abantaila guztiak baliatzeko.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea