Hainbat eragilek eta elkartek protesta egin dute pisu turistikoen ordenantzaren aurka
udalbatzarrean ez ezik, udaletxe kanpoan ere protesta egin dute hiriko hainbat elkartek. Bertan, gogor kritikatu dute udalak onartu berri duen ordenantza eta gaur egungo Hiri Antolamendurako Plan Orokorra “askeagoa” bihurtzea egotzi diote udal gobernuari.
Protestarekin bat egin dute, besteak beste, auzo elkarteek eta gizarte arloko kolektiboek.
Rosa Garcia Stop kaleratzeak plataformako kideak azaldu du oso kezkatuta daudela etxebizitza soziala oso urria delako: “Ez dago etxebizitza publiko nahikorik eta alokairuan dauden etxebizitzen batezbesteko prezioa 967 eurokoa da”. Azpimarratu du Espainiako Estatuko daturik altuenak lortu dituela Donostiak.
Garciak uste du etxebizitza turistikoen ordenantzak pisu turistikoak beste auzo batzuetara eramatea ekarriko duela: “Modu horretan alokairuaren merkatu librea desegingo da eta interes ekonomikoak dituzten negozioek erabiliko dituzte etxebizitza horiek”. Uste du “beharrezkoa” dela etxebizitza sozialean inbertitzea: “Donostian, eta oro har Gipuzkoan, inoiz baino etxegabetze gehien egin dira azken urteotan”.
Hala ere, uste du protesta horren harira, auzo elkarte eta gainerako eragileekin saretzea lortu dutela. Bat dator horretan Xabier Arberas Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteko kidea.
Ez daude konforme
Arberasek salatu du ordenantza berriak ez dituela jarritako alegazioak betetzen. Gaineratu du ordenantzak ez duela inolaz ere agindu moduan etxebizitzaren arloa behin betiko arautzen. Bestalde, salatu du “beste behin ordenantza gizarte kontsentsurik gabe” egin dutela.
Kezkatuta dagoen beste kolektiboetako bat da Duintasuna, Gipuzkoako pentsiodunen eta jubilatuen elkartea. “Ohartu gara askotan halako enpresek interes ekonomikoengatik gure etxeetatik aterarazten gaituztela diruaren truke”. Azpimarratu dute horrek jende heldua periferiara joatea dakarrela, “sarri bere lotura guztiak utzita”. Bestalde, Parte Zaharrean etxebizitza asko igogailu gabe daudela diote eta, gaineratu dute horrek ere askotan zaildu egiten diela bertan bizi ahal izatea.
Gaur goizean onartu dute etxebizitza turistikoen ordenantza berria eta