(Argazkia: I. Esnaola)
Udal gobernuak aurrera atera du pisu turistikoak arautzen dituen ordenantza, gaur goizeko ezohiko udalbatzarrean. EAJ eta PSE-EEren aldeko botoekin onartu du udalbatzak araudi berria. EH Bilduk, PPk eta Irabazi Donostiak kontra bozkatu dute eta oso kritiko agertu dira. Era berean, protesta egin dute udal batzar aretora hurbildu diren hiriko hainbat auzo elkarte eta eragileetako herritarrek. “Etxebizitza eskubidea da, ez negozioa” gisako leloak erakutsi dituzte.
Ordenantza “proportzionala eta orekatua” dela azpimarratu dute Enrique Ramos Hirigintza zinegotziak eta Eneko Goia alkateak. “Pauso berri bat da turismo iraunkor eta kalitatezkoaren bidean”, gaineratu du Goiak. Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean sartuko da indarrean araudi berria, gutxi gorabehera Aste Santuaren ondoren.
Oposizioko hiru udal taldeek desadostasuna agertu dute. Hiruek azpimarratu dute Plan Orokorra betetzearekin nahikoa dela, eta ordenantza berria ez dela beharrezkoa. “Etxebizitza eskubidea kaltetzen du”, adierazi du Loic Alejandro Irabaziko zinegotziak. “Zuek araudi hau erreferente bezala aurkeztea akatsa da”, esan du Miren Albistur PPko zinegotziak. EH Bilduk, berriz, araudi berriaren kontra agertzearekin batera ordenantzak bereizten dituen eremuak “onartezinak” direla kritikatu du Ricardo Burutaran zinegotziak. “Parte Zaharreko zabalgunea aseturiko gunean sartzeko eskatu dugu, aurkeztu diren zuzenketa askok bezala”.
Ostiraleko astekarian ez ohiko udalbatzarraren kronika irakurri ahal izango da.