"Aitona-amonak orain kiroletako oinetakoekin datoz, horretan aldatu da jaia"
Sebastian Lizaso eta Gaztelumendi anaiekin batera, urtero igotzen da Andoni Egaña (Zarautz, 1961) bertsolaria Ibaetako jaietako Aingeru Zaindariaren erromeriara taula gainetik bertako jai giroa are gehiago alaitzeko. Berarekin egon da IRUTXULOKO HITZA auzoko jaiez hizketan.
Zenbat urte daramatzazu Aingeru Guardako erromeriara etortzen?
Asko! Ez naiz kopuru zehatzaz gogoratzen, baina hogei urtetik gora badaramatzat ermitara igotzen.
Zein bertsolarirekin igo zara taula hauetara?
Orain Sebastian Lizaso eta Gaztelumendi anaiekin nator urtero. Sebastian beste bertsolari batzuekin ibilia da aurretik, baina ni berarekin bakarrik etorri naiz hemen hasi nintzenetik eta Unai eta?Beñat iritsi ziren arte.
Urte horietan guztietan zehar jaiak aldatzen joango ziren, ezta?
Ez pentsa. Esango nuke aldaketarik handiena dela orain aiton-amonak kiroletako oinetakoekin datozela! Horretan bakarrik aldatu da Aingeru Zaindariaren erromeria.
Trikitilariak, Gorriti bere animaliekin, bertsolariak… Aspalditik mantendu den ohitura da honakoa. Urteetan zehar, erromeriaren ondoren, Urkiola sagardotegira jaitsi izan gara bazkaltzera. Orain auzoko beste lekuren batean jaten dugu, eta arratsaldean berriro igotzen gara ermitara bigarren bertso saio bat egiteko.
Asteazkeneko eguraldia ikusita, zortea izan duzue, ezta?
Jaiak urteko garai honetan izanda, normala denez, eguraldi oso desberdinak tokatu zaizkigu. Elurrarekin ere jardun izan dugu hemen. Baina egiten duen eguraldia egiten duela, jendea urtero igotzen da. Aingeru Zaindariarekiko debozioa daukatela ikusten da, adin guztietako jendea baitator beti erromeriara.
Xarma berezirik al du zuretzat Ibaetako jaietako giroak?
Noski. Bai jaiak eta bai Aingeru Zaindariaren gain honek. Donostiaren baitan Donostia asko daude, eta festa hau ezagutzen ez duten donostiar asko egongo dira seguruenik. Nik uste dut hiriaren aurpegi desberdin horiek ezagutzea oso garrantzitsua eta polita dela.
Jendeak oinez etortzeko ohitura du gainera, bai Ibaetatik eta bai Usurbil aldetik. Horri eusten diote urtero, erromeria asteko edozein egunetan tokatu daitekeen arren. Festa honek bertako jendearentzat duen garrantzia erakusten du horrek.
Eta zu oinez etortzera animatu al zara inoiz?
Ba Ibaetatik gora inoiz igo izan naiz, aizu! Eta egia da Zarautzetik Donostiara oinez etortzeko bidean hemendik pasa izan naizela zenbaitetan.
Erromeriaz gain, beste era batean hartu al izan duzu parte jaietan?
Noizbait bertsotan egin izan dugu ere egun Aitor Zabaleta plaza den horretan, jaialdietan. Lautximeneta frontoiaren inaugurazioan ere hemendik ibili ginen bertsotan.
Horrenbeste urteren ondoren lagun onak izango dituzu auzoko jai batzordeko kideak.
Bai, noski. Gutxi gora behera gure adinekoak dira orain jai batzordeko helduenak eta horiek aspaldidanik ezagutzen ditugu, baina baita sartu berri diren gazteak ere.Eta horrelaxe segi dezala urte askotan zehar!