(Argazkia: I. Esnaola)
Emakumeek* planto egingo dute martxoaren 8an. Euskal Herriko Mugimendu Feministak grebara deitu du, eta Donostian ere bat egingo dute mobilizazio egunarekin. Hain zuzen ere, horietako hainbatek prentsaurrekoa eskaini dute gaur Emakumeen Etxean hilaren 8ko mobilizazioen eta manifestazioaren berri emateko.
“Muga guztiak gaindituko dituen” greba feminista proposatu dute. “Planto egingo dugu lan, ikasketa, zaintza eta kontsumo esparruetan. Hau ez da defentsarako greba hutsa: eredu guztia aldatuko duten proposamen politikoak ditugu, eta Donostian ere, hori adierazteko ekintza desobendienteak egingo ditugu”. Hona hemen antolatu dituzten mobilizazioak:
- 11:00etan, bizikletada desobedientea Amara Berriko Arcco merkatzaritza gunetik Bulebarrera.
- 11:45ean, Etxeko langileen elkarretaratzea udaletxe aurrean.
- 12:00etan, eserialdia Bulebarrean.
- 12:30ean, performance bat egingo dute Konstituzio Plazan.
- 14:00etan, Tuperfest etxetik ekarritako bazkariarekin Gipuzkoa Plazan.
- Arratsaldean, manifestazio nagusia lau zutaberekin: 19:15ean ikasleen zutabea Ibaetatik, 19:30ean soldatapeko lanen zutabea Egiako Justizia jauregitik, 19:30ean zaintza lanen zutabea Groseko anbulatoriotik, eta kontsumo zutabea San Martin merkataritza gunetik 19:35ean. Zutabe bakoitzak ezaugarri propioak izango ditu, eta guztiek bat egingo dute Bulebarrean.
- 20:00etan, ekitaldi nagusia Bulebarrean.
- 00:00etan, greba bukaerako festa Guardetxean, Ezin badugu dantzatu, hau ez da gure greba lelopean.
Mobilizazioez gain, grebarekin bat egin eta atxikimendua adierazteko era gehiago daudela adierazi dute. “Emakumeei* dei egiten diegu zaintza eta ugalketa lanak ez egitera, besoko morea janztera, eta balkoi nahiz leihoetan amantalak eskegitzera. Era berean, ez kontsumitzeko dei egiten dugu: agindu kontsumisten kontra altxa gaitezen, bereziki enpresa eta merkataritza gune handiak saihestuz, azken horiek baitira lan zapalkuntzaren eta baliabideen ustiaketa basatiaren ikus garrantzitsuenetakoak”.
Gizonezkoek ere greban parte hartzeko aukera dutela azaldu dute, baina emakumeak* izan behar dira protagonistak. “Gizonezko aliatuek ere badute zeregina, baina bestelakoa izango da: zaintza lanez arduratu daitezke, lankide emakumeen greba eskubidea babestu dezakete, baita eguneko ordainsaria emanez edo erresistentzia kutxak antolatuz mugimendu feminista lagundu ere”.
Grebaren aurretik
Hilaren 8a baino lehen beste bi jarduera egingo dituzte hirian. Bihar, hilak 3, Kaleak eta grebak gureak dira. Emakume* langileen borrokei buruzko irakuketa ibiltaria egingo dute 12:00etan San Martin merkatutik abiatuta. Etzi, berriz, Lilatoian korrikalari zein ikusleei grebaz informatzeko argibideak eman eta bat egiteko dei egingo diete.
IRUTXULOKO HITZAk greba feministarekin bat egingo duten hainbat donostiarrekin hitz egiteko aukera izan du.