Martxoaren 8ko mobilizazioen berri eman du mugimendu feministak
Lau zutabek bat egingo dute manifestazio nagusiarekin
Emakumeek* planto egingo dute martxoaren 8an. Euskal Herriko Mugimendu Feministak grebara deitu du, eta Donostian ere bat egingo dute mobilizazio egunarekin. Hain zuzen ere, horietako hainbatek prentsaurrekoa eskaini dute gaur Emakumeen Etxean hilaren 8ko mobilizazioen eta manifestazioaren berri emateko.
“Muga guztiak gaindituko dituen” greba feminista proposatu dute. “Planto egingo dugu lan, ikasketa, zaintza eta kontsumo esparruetan. Hau ez da defentsarako greba hutsa: eredu guztia aldatuko duten proposamen politikoak ditugu, eta Donostian ere, hori adierazteko ekintza desobendienteak egingo ditugu”. Hona hemen antolatu dituzten mobilizazioak:
- 11:00etan, bizikletada desobedientea Amara Berriko Arcco merkatzaritza gunetik Bulebarrera.
- 11:45ean, Etxeko langileen elkarretaratzea udaletxe aurrean.
- 12:00etan, eserialdia Bulebarrean.
- 12:30ean, performance bat egingo dute Konstituzio Plazan.
- 14:00etan, Tuperfest etxetik ekarritako bazkariarekin Gipuzkoa Plazan.
- Arratsaldean, manifestazio nagusia lau zutaberekin: 19:15ean ikasleen zutabea Ibaetatik, 19:30ean soldatapeko lanen zutabea Egiako Justizia jauregitik, 19:30ean zaintza lanen zutabea Groseko anbulatoriotik, eta kontsumo zutabea San Martin merkataritza gunetik 19:35ean. Zutabe bakoitzak ezaugarri propioak izango ditu, eta guztiek bat egingo dute Bulebarrean.
- 20:00etan, ekitaldi nagusia Bulebarrean.
- 00:00etan, greba bukaerako festa Guardetxean, Ezin badugu dantzatu, hau ez da gure greba lelopean.