Hainbat taldetatik igaro ostean, Ingalaterrako Premier League ezagutu berri du Añorgako Iñigo Arteagak, Javi Gracia entrenatzaile nafarraren talde teknikoan.
Iñigo arteaga; Watfordeko atezainen entrenatzailea.

Iñigo Arteaga, Watford taldeko arroparekin. (Argazkia: Watford FC)
Gustura dago Watford taldean Iñigo Arteaga (Añorga, 1972). Urteak daramatza Javi Graciarekin lanean, eta elkarrekin egon ziren aurreko denboraldiko Errusiako abenturan. Ezin hobeto ekin diote Ingalaterrako bideari;?eta urte eta erdirako kontratua dute, beste urte baterako luzatzeko aukerarekin. Bere sentipenen berri eman digu Añorgakoak.
Nola iritsi zitzaizuen Watfordeko aukera?
Errusian ekaina aldean bukatu genuen. Javiren izena talde askotan mugitzen ari zela zioten, baina guri ez zitzaigun eskaintzarik iritsi, Watfordekoa etorri arte. Gogoa genuen Premier Leaguen aritzeko, eta aurrera egin genuen. Urtarrilaren 21ean iritsi ginen.
Herrialde, liga eta klub berri batera iritsi zarete. Zer moduz ari zarete egokitzen?
Harrera nahiko ona izan dugu jokalarien eta klubaren aldetik. Emaitzak ere onak izan dira; batez ere, Chelseari irabazitako partidak sekulako garrantzia hartu du. Oraingoz gure helburua maila mantentzea da, horretara etorri gara, eta ongi gabiltza. Hamaikagarrenak gara, eta uste dugu gelditzen diren partidetan bederatzi puntu inguru aterata lortuko dugula helburua.
Nolakoa da zuen egunerokoa?
Goizeko zazpi eta erdietan joaten gara lanera, eta entrenamenduak prestatzen ditugu. Jokalariak iristen direnean, zelaian entrenatzen dugu, eta, gero, hurrengo partidetarako analisiak egiten ditugu. Aurkariaren azterketa egiten dugu ahalik eta zorrotzen. Arratsaldetan ingeleseko eskolak jasotzen ditugu, gure hizkuntza maila hobetzeko. Goiz etxeratzen gara, 17:30ak edo 18:00ak aldera. Gainera, oraingoz, hotel batean hartu dugu ostatu, eta ez dugu aukera izan ingurua asko ezagutzeko. Aurreko batean jai eguna izan genuen, eta Londres ezagutzera joan ginen… aurretik egon gabe nengoen eta ikaragarria iruditu zitzaidan.
Ingalaterrako ligak zein berezitasun du?
Espainiako Ligarekin alderatuta, esango nuke hemengo antolakuntza askoz ere hobea dela. Marketing aldetik lan handia egiten dute eta estadioak beti beteak egoten dira, partidak astean zehar izanda ere. Asko zaintzen dituzte jarraitzaileak, eta asko nabaritzen da.
Kirol arloan, intentsitate handiko partidak izaten dira, joan-etorrikoak. Taktikoki ez dira hain kontrolatuak izaten, baina zaleentzako oso liga erakargarria dela uste dut.
Entrenamendu guztiak komunikabideentzako itxiak egoten dira, ezta?
Bai, hemen ohitura hori dago. Itxiak izaten dira entrenamenduak eta komunikabideak ez dira ezertarako ere sartzen. Guri ez digu axola prentsa aurrean egoteak, errespetua baldin badago euren aldetik. Guretzako berria da, eta ongi moldatzen gara momentuz.
Jokalaria zinela, inoiz buruan izan zenuen entrenatzaile izatera iristea?
Futbolean nenbilenean ez nuen buruan entrenatzaile izatea. Egia da beti gogoko izan dudala jakitea zergatik egiten diren gauzak era batera edo bestera. Hala ere, azken urtea iritsi arte, ez nuen buruan entrenatzaile izatea. Luis Llopisekin elkarrizketa luzeak izaten nituen futbolaz, eta gogoa sartu zidan entrenatzeko.
Jokatzeari Real Unionen utzi zenion, eta han bertan hasi zenuen entrenatzaile ibilbidea.
Hori da, Irunen nintzela egin zidaten proposamena, Luis Llopisek bultzatuta, eta nire ibilbidean asko lagundu dit. Bi urte egin nituen Irunen, eta Javi Graciak deitu zidan Cadizera joateko. Gero ezin izan dut beti berarekin joan, batzuetan zaila izaten delako atezainen entrenatzailea sartzea;?baina Malagatik igaro ostean, argi dago zein den gure talde teknikoa, eta berarekin nabil.
Zertan datza zehazki zure lana?
Argi dugu erabaki guztiak Javik hartzen dituela, eta gu bere ondoan egoten gara, berarentzat ahalik eta lan gehien aurreratzeko. Atezainak taldean sartzea gustatzen zaigu, ariketak taldean egitea. Bakarkako lana egiten dut atezainekin, eta teknikoki ahalik eta kontzeptu gehien irakasten dizkiet, taldearekin sartzean dena ongi ateratzeko.
Zer moduz daramazu alde batetik bestera maletarekin ibiltzearena?
Gogorrena da familia etxean uztea, ez naiz ohitzen. Añorgan geratzen dira emaztea eta seme-alabak, eta zaila egiten zait.
Futbola antzekoa da leku batean eta bestean, eta horretan ongi moldatzen gara. Guk badakigu zertara goazen eta lana nahiko finkatua dago. Herrialde bakoitzera moldatzeko, klubek nahiko erraztasunak jartzen dituzte. Errusian zailagoa egin zitzaigun hizkuntzarengatik eta klimarengatik. Hala ere, moldatu ginen eta egin genuen denboraldi osoa.
Klub oso desberdinetatik igaro zara, zer nabarmenduko zenuke?
Gero eta gorago zaudenean, dena askoz profesionalagoa da. Distantzia gehiago dago jokalariekin, jarraitzaileekin, komunikabideekin… Irunen eta Cadizen, esaterako, Bigarren B mailan ginen, eta gertutasuna egunerokoan oso ona zen, eta lanerako erosoago sentitzen zinen. Mailaz igo ahala, distantziak gehiago mantendu behar dituzu.
Zure ibilbidean asko ikasi duzu?
Bai, egunero ikasten duzu zerbait berria. Duela urte batzuk, ez genuen bideorik ikusteko aukerarik, eta orain jokalari bati bidal diezaiokezu telefonoaren bidez aurkariaren analisi bat. Estatistika programa oso onak ditugu, eta horrekin lan asko aurreratzen da. Egunero ateratzen da zerbait berria.
Zer geratzen zaizu egiteko erretiratu aurretik?
Nire ametsa beti izan da Realean aritzea, baina ez dut inolako presarik. Urteak pasa ahala, hor jarraitzen du ametsak. Realean hasi nintzen futbolean, eta realzalea izanda, gustatuko litzaidake aukera hori izatea. Itxaron egin beharko dut.
Nola ikusten duzu Reala?
Beti jarraitzen dut era batera edo bestera, eta aurten askotan joan naiz Anoetara. Egon dira momentu oso onak eta momentu oso gogorrak. Denboraldi arraro samarra izaten ari da. Dauzkan jokalariekin pixkanaka aurrera egingo dutela uste dut, eta ongi bukatu