'Oreina' filmaren lehen irudiak aurkeztu ditu Almandozek
Oreina filmaren lehen irudiak aurkeztu ditu Txintxua Films ekoiztetxeak, Berlingo Zinemaldiko merkatuan. Koldo Almandoz zinemagile donostiarraren lana da, bere fikziozko lehen film luzea, hain zuzen. Oreina pelikula postprodukzio fasean dago orain, eta aurten bertan estreinatzeko asmoa dute.
Almandozek munduari begiratzeko duen era pertsonala ageri du filmean. Sei astetan grabatu zuten 2017ko udazkenean, Gipuzkoan (Usurbil, Aginaga, Orio, Zubieta, Donostia, Oiartzun) eta Nafarroan (Elkano). “Pelikulako protagonista Khalil da, industrialguneak, ibaiak eta padurak bat egiten duten hiriko periferian bizi den gazte deserrotua. Khalilek ahal duen moduan egiten du aurrera, eta ibai ertzeko etxea anaiarekin konpartitzen duen furtibo zahar batekin pasatzen ditu egunak. Mareek, paduraren uhertzean, maitasuna eta desamodioa, kidetasuna eta mendekuaren denbora markatzen dute”.
Ekoizpen arduradunak Berlinalen lan-saioak izan ditu nazioarteko salmenta eta banaketa-eragileekin. Txintxua Films ekoiztetxearenak dira Amama, Dantza, Sipo Phantasma, Bertsolari…