Donostian egindako agerraldia. (Argazkia: Sare Donostia)
“Imajina ezazue espetxera bidaltzen zaituztela. Mundu arrotz, ezezagun batean sartzen zara. Emakumea zara. Bigarren mailako izakia, hemen ere bai. Gainera, euskal presoa zaren heinean, estatus berezikoa, salbuespeneko legediaren pean izango baitzaituzte”. Horrela hasi da
martxoaren 17an egingo duten giza katearen aurkezpenean Sare Donostiak emandako prentsaurrekoa. Emakume presoek emakume izateagatik jasaten dituzten zigor erantsiak salatzeko egingo dute mobilizazioa,
12:00etan.
Espetxeratuak dauden euskal emakumeak, “zigor sozial, pertsonal eta penala jasateaz gain”, “sakabanatuak eta bakartuak” daudela adierazi dute plataformatik. Besteak beste, emakume presoei ezartzen dieten “isolamendu soziala eta kulturala” salatu du Sarek, erlazionatzeko aukera urriak eta formakuntza tailerretan parte hartzeko mugak dituztela adieraziz.
Horretaz gain, osasun zerbitzuari dagokienez, espetxe askotan ginekologorik ez dagoela eta presoek beharrezkoak dituzten laguntza medikuak eskasak eta prekarioak direla salatu dute erakundetik. Frantses estatuan, gainera, emakumeek jasotzen dituzten erosketa katalogoak maskulinoak direla jakinarazi dute, tanpoiak eta konpresak bezalako oinarrizko produktuak eskuratzea galarazten dietelarik.
Egoera hau salatzeko “sinbolismo handiko ekitaldia” egingo dute datorren astean, giza kate-kalejirarekin. Izan ere, Donostiako epaitegia autobus geltokiarekin lotuko du kateak, sententziek presoei suposatzen dizkieten “distantzia eta urruntasuna” irudikatzeko.