Jarduerak aurkeztu dituzte. (Argazkia: udala)
Martxoaren 10ean suhiltzaileen patroiaren eguna dela eta,
udalak egoitzako ateak irekiko ditu herritarrentzat. Azaldu dute Garberara mugitu zirenetik halako zerbait egiten duten lehen aldia dela. Bisita ordua 10:00etatik 13:00etara izango da.
Horrez gain, suhiltzaileek hainbat jarduera egingo dituzte martxoaren 7tik martxoaren 10era bitartean; jardunaldiei hasiera emateko, asteazkenean, ospitaleetan dauden pertsonak bisitatuko dituzte.
Martin Ibabe Herri Segurtasuneko eta Herri Babeseko zinegotziak azpimarratu du garrantzitsua dela zerbitzuko langileen eguneroko lana ezagutaraztea eta sua itzaltzeaz harago zer beste eginkizun dituzten erakustea.
Azkenik azaldu dute jardunaldi irekiak iraun bitartean ezingo dela ibilgailu pribatuekin sartu parkera. Hori dela eta, 10:00etatik 12:30era, 30 minutuan behin, doako autobus zerbitzua emango du Dbusek Garberako merkataritza gunetik suhiltzaileen egoitzara joateko.