Bat egin dute greba feministarekin. (Argazkia: udala)
Duñike Agirrezabalaga Berdintasun teknikariak azaldu du udalak martxoaren 8an antolatu dituzten geldialdiekin bat egingo duela.
Adierazpen bateratu bat onartu dute PSE-EEk, Irabazik, EH Bilduk eta PPk. EAJk abstentzioa eman du.
Azaldu dute adierazpenak jasotzen duela greba orokorra baliagarria izango dela “emakumeek lanean oro har izaten dituzten ezberdintasunak eta gure herrialdean emakume izatearekin lotuta dauden zapalkuntza guztien inguruan kontzientziatzeko”. Bestalde, gizonezkoen zaintza lanetan eta etxeko lanetan duten erantzunkidetasuna sustatzeko sentsibilizazio eta prestakuntza programak egiteko konpromisoa hartu du udalak.
Donostiako Berdintasun Kontseiluak ere bat egingo du mugimendu feministak martxoaren 8rako iragarritako greba feministarekin eta lan geldialdiekin. “Ez da ohiko greba izango: greba feminista da, emakumeena, egunez egun jasan behar izaten ditugun diskriminazioak agerian jarri nahi dituena. Horregatik, lan geldialdiez gain, zaintzaileen eta kontsumoaren greba ere antolatu da”.
Hainbat ekitaldi antolatu dituzte martxoan eta udalak horietatik bi nabarmendu ditu prentsaurrekoan: Ekuadorreko emakume nekazariek martxoaren 6an emakumeen etxean emango duten hitzaldia eta autodefentsa ikastaroak. Azken hauek, martxoaren 10ean (gaztelaniaz) eta 24an (euskaraz) izango dira.