Jon Insausti, Eneko Goia eta Miren Azkarate udaletxeko prentsa aretoan. (Argazkia: I. Esnaola)
Donostiako Udalak bat egingo du martxoaren 8ko geldialdiekin. Adierazpen bateratu bat onartu dute PSE-EEk, Irabazik, EH Bilduk eta PPk. EAJk, ordea, abstentzioa eman du, eta
horren inguruan galdegin dio IRUTXULOKO HITZAk Jon Insausti jeltzaleen bozeramaileari.
“Greba guztietan bezala, alderdiak greba eskubidea errespetatzen du, eta norberaren askatasunak erabakiko du greba egiten duen ala ez. Guk hori errespetatzen dugu, ez dugu inor behartzen greba egitera. Geldialdi sinbolikoa egingo dugu, baina ez dugu langilerik behartuko hori egitera”, azaldu du Insaustik.
Administraziotik eta politikagintzatik izan beharreko jarreraren inguruan, ondorengoa gaineratu du: “Guri dagokigu politikak egitea, papel aktibo bat jokatzea, baina egia da geldialdi edo greba honek ez diola erantzunik ematen berdintasunaren arazoari. Urteko egun guztietan landu beharreko gauza bat da eta ez bakarrik egun batean aldarrikatzekoa. Gureak jarrera koherentea izan behar du, eta horretarako berdintasuna bultzatzeko politikak lantzen jarraitu behar dugu eta ez soilik egun batean aldarrikapena egin”.
Azkenik, Insaustik azpimarratu du EAJk berdintasunaren aldeko lanean jarraitzen duela. “Gure alderdiak beti egin du bat erabateko berdintasuna lortzeko helburuekin. Eta bide horretan jarraitzen dugu, zalantzarik gabe”.
Bi adierazpen
Otsailaren 20ko Bozeramaile Batzordean bi adierazpen onartu ziren. Batetik, EAJren udal taldeak lau puntuko adierazpena aurkeztu zuen, eta denek babestu zuten EH Bilduren abstentzioarekin. Bestetik, PSE-EE, Irabazi Donostia eta PPk zazpi puntukoa aurkeztu zuten; EH Bilduk alde bozkatu zuen, eta EAJ abstenitu egin zen.
Eneko Goia alkateak ez du argitu martxoaren 8an udalak zein adierazpen irakurriko duen. Era berean, greba deialdia “errespetagarria” dela adierazi du, eta pertsona bakoitzak “askatasuna” izen behar duela babestu edo ez erabakitzeko.